11:29

EiTB TALDEA

EITB, euskal zinemarekin

EITBk 9,5 milioi inbertitu zituen iaz ekoizpen zinematografiko eta fikzio seriatuetan

EITB

% 71,3 (6,7 milioi euro) euskarazko ekoizpenetara bideratu zen. EITBk 95 proiektu jaso zituen eta 37 onartu ziren (16 euskaraz). Atarian dugun Malagako Zinemaldian EITBren partaidetza duten fikziozko 3 filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean: 'Jone batzuetan', 'Faisaien irla' eta 'Los aitas'.

  • Sara Fantova, 'Jone Batzuetan' lanaren filmaketan.

    Sara Fantova, 'Jone Batzuetan' lanaren filmaketan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EITBk euskal ikus-entzunezkoen sektorearekin etengabeko lanaren aldeko apustuan tinko jarraituko du, euskal zinema babesteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta, nola ez, gelditu gabe, euskara, zuzendari berrien lanak, nazioartekotzea eta emakumeen parte-hartzea bermatzeko eta sustatzeko.

Atarian dugun Malagako Zinemaldian, EITBren partaidetza duten fikziozko hiru filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean. Horien artean, Sara Fantova bilbotar zuzendariaren opera prima, Bilboko jaietan euskaraz filmatutakoa, Jone batzuetan. Halaber, lehiaz kanpo Faisaien irla, Asier Urbietak idatzi eta zuzendutako lehen fikzioa eta Los aitas, Borja Cobeaga euskal zuzendari ezagunaren azken filma ikusiko ditugu.

Euskarazko fikzioaren aldeko apustuak fruituak ematen jarraitzen du, eta aurten EITBren parte-hartzea duten film oso garrantzitsu batzuk estreinatuko dira. Urtea Faisaien irla lehen fikzioaren mundu mailako estreinaldiarekin hasi da, Goteborg International Film Festival ospetsuan. Horri Asier Altunak (Karmele), Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak (Maspalomas), Igor Legarretak (Inurri itsuak), David Pérez Sañudok (Sacamantecas) eta Paul Urkijok (Gaua) zuzendutako azken ekoizpenen estreinaldiak gehitu behar zaizkio.

Maspalomas

Maspalomas lanaren filmaketa

Bestalde, bi euskal emakume zinemagilek idatzi eta zuzendutako lehen fikzioak jaialdi entzutetsuetan estreinatzea ere espero da: Anekumen, Irati Gorostidiren debuta (Cannesen estreinatu zuen bere azken film laburra) eta Sara Fantova bilbotar zuzendariaren zinta, Jone batzuetan.

Anekumen

Anekumen pelikularen filmaketa

Animazioaren industrian emakumeen papera ere nabarmendu behar da, besteak beste, Agurtzane Intxaurragaren Korri, Kuru, ¡Korri! animazio filma, eta Eider Eibarren Esan ezan ozen luzemetraia. Dokumentalaren esparruan, eta kulturaren ikuspegitik, euskal arte garaikidearen historiari buruzko euskarazko dokumental saila aipatu behar da, hainbat emakume adituren bidez kontatua: Tamara Garcíak idatzi eta zuzendutako Harri biguna.

Ospe handiko beste zuzendari batzuen lanak ere argitaratuko dira 2025ean, hala nola Borja Cobeaga (Los aitas), Bajo Ulloa (El mal), Helena Taberna (Nosotros), Alberto Vázquez (Decorado) eta Fernando Franco (Subsuelo), bai nazioarteko jaialdietan bai areto komertzialetan, eta baita Alberto Gastesi donostiarraren bigarren film luzea ere: Singular. 

Euskarazko fikzio seriatuarekiko EITBren konpromisoari dagokionez, 2025ean estreinaldiz beteta etorriko da: EITB Originals ("Go!azen 12" eta "Irabazi Arte! 4"), Zeru ahoak, Koldo Almandozek idatzi eta zuzendua (Txintxua eta Garabi Films) Hondar Ahoak (2020) sailaren bigarren zati desiratua eta Xabi Zabaleta eta Marta Grau (Pausoka) sortzaileen Desagertuta thrillerra.

Zeru Ahoak

Zeru Ahoak lanaren filmaketa

Gainera, udan euskarazko beste bi telesail grabatzea espero da, gazteei zuzendutakoak: Argi Gorriak (Alberto Gastesi, Vidania Films) eta Odol Ilargia (David R. Losada, Baleuko). 2024an, EITBk David Perez Sañudoren (Muga, Amania Films), Mikel Ruedaren (Boga, Euskadi Movie AIE) eta Pello (K2000ren ekoizpen bat) euskarazko fikziozko telesailen proiektuak ere onartu zituen.

 

v

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

    1
     
    kargatzen