Teknologia -
Microsoft erori da
Zer dira Microsoft jausi ostean ageri diren pantaila urdinak?
Askok eta askok "heriotzaren pantaila" deitzen diote. Microsoft Windows sistema eragilearen gailuetan bakarrik azaltzen da, eta akats baten ondorioz sistemak bere onera etortzeko modua ez duenean ateratzen da.
Agentziak | EITB Media
Microsoft konpainia informatikoaren sistema eragilea erori ostean, kaosa nagusitu da mundu osoko airelineetan, banketxeetan eta hedabideetan. Akats informatikoaren ondorioz, inork gogoko ez duen irudi bat ikusi behar izan dute askok eta askok euren ordenagailu eta gailuetan: "heriotzaren pantaila urdina".
Urdin koloreko pantaila hori (BSoD, Blue Screen of Death, ingelesez) Microsoft Windows sistema eragilearen gailuetan ageri ohi da, akats baten ondorioz sistemak bere onera etortzeko modua ez duenean edo ezinean egongo dela detektatzen duenean.
Normalean arazoa atzemateko lagungarria izan daitekeen kode bat ere agertzen da. Ordenagailua berrabiaraztea gomendatu ohi du Microsoftek, bere webgunearen bidez azaldu duenez.
Pantaila urdin horiek Windowsek bakarrik ditu, eta beste sistema eragile batzuetan (Mac eta Linux) ez dago halakorik.
Steve Ballmerrek 1985ean sortu zuen "heriotzaren pantaila", Windows 1.0 bertsiorako. Ordutik, ez dute horren itxura orokorra askorik aldatu, eta urdin koloreari eutsi dio. Gaur-gaurkoz, bi puntu eta parentesi bat ateratzen da, tristura eta frustrazioa adierazteko emotikono bat bailitz bezala.