Teknologia -
MEZULARITZA
Telefonia mugikorreko operadoreek ez dute jaso oraindik Telegram blokeatzeko agindua
Pedraz epailearen agindua jasotzen zutenetik hiru orduko epea zeukaten operadoreek aplikazioa blokeatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Telefonia mugikorreko operadoreek ez dute Telegram sare soziala blokeatzeko agindua jaso oraindik, nahiz eta Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak atzo, larunbatarekin, eman zuen horretarako manua, sektore horretako iturrien arabera.
Esan bezala, epailearen agindua jasotzen zutenetik hiru orduko epea zeukaten operadoreek aplikazioa blokeatzeko.
Mediaset, Antena 3 eta Movistar Plus konpainiek ezarritako salaketa baten harira iritsi zen agindu judiziala; izan ere, egile eskubideak zituzten edukiak baimenik gabe erabiltzea leporatu zioten Telegrami.
Auzitegi Nazionaleko 5. epaitegi nagusiko epaileak "beharrezkotzat, egokitzat eta proportzionaltzat" jo du sare sozialaren aurka hartutako neurria, eduki horien hedapena eteteko beste modurik ez dagoela arrazoituta.