Teknologia -

Telepathy

Elon Muskek iragarri du lehen aldiz txipa ezarri dutela gizaki baten garunean

Muskena den Neuralink enpresaren arabera, mugikortasuna galdu duten pertsonei pentsamenduen bidez gailu elektronikoak kontrolatzeko modua emango die produktuak. Tximinoekin egindako esperimentazio fasean, animalia batzuen heriotza eragiteagatik ikerketapean dago Neuralink konpainia.

Musk, Neuralink enpresaren logoaren ondoan. EITB Media
Musk, Neuralink enpresaren logoaren ondoan.
Musk, Neuralink enpresaren logoaren ondoan. EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neuralink konpainiak, Elon Musk milioidunarena denak, gaur iragarri du historian lehen aldiz garuneko txipa ezarri diotela gizaki bati. Telepathy izango du izena produktu berriak, eta mugikortasuna galdu duten gaixoekin probatuko dute aurrena. 

"Lehen pertsona horri atzo egin genioen ebakuntza, eta ondo ari da erantzuten", idatzi du Muskek X sare sozialean. "Hasierako emaitzek gailur neuronalen detektatzea erakusten dute", erantsi du.

Txip horren helburua izango da garuneko jarduna "irakurtzea", aginduak eman eta gailu elektronikoak kontrolatu ahal izatea. Bestela esanda, pentsamendua ekintza bihurtzea. Musken arabera, txip horri esker "sakelako telefonoa edota ordenagailua kontrolatu ahalko du gaixoak, eta horiekin, beste edozein gailu, pentsamenduarekin bakarrik". 

Garuneko gailu hori probatzen lehenak eskuren bat galdu dutenak izango dira, zehaztu du milioidunak: "Irudikatu Stephen Hawking mekanografo edo enkantegile bat baino azkarrago komunikatzeko gai dela. Horixe da helburua"

Muskek berea den sare sozialean iragarritakoaz gain, apenas dago informaziorik Telepathyren inguruan. Hala, ez dute zabaldu nor den eta zenbat urte dituen garunean txipa ezarri zaion pertsona. 

Neuralinkek iaz jaso zuen gizakiengan produktua probatzeko baimena. Aurrez, entsegu klinikoetan tximinoekin probatu zuten. Hain justu, enpresa ikerketapean dute AEBko agintariek esperimentazio fasean 8 primate hil zirela eta. 

Antza, entsegu klinikoen albaitaritza erregistroen arabera, animaliengan konbultsio, paralisi eta bestelako arazoak izan ziren, gainera. 

Enpresak 2021ean kaleratu zuen Telepathy honen lehen bideoa. Youtuben partekatutako bideo batean tximino bat ageri zen bideo-joko batera jolasten, eta antza burmuinarekin kontrolatzen zituen eskuko mugimenduak, txiparen bidez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Animaliak