Teknologia -
Hanka-sartzea
Facebookeko 6,8 milioi erabiltzaileren argazkiak, agerian
Argitaratutako eta argitaratu gabeko argazkietara heltzeko aukera izan zuten beste aplikazio batzuetatik. Akatsa 12 egunez egon zen aktibo, irailaren 13tik 25era bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Argazkien API batean egindako hanka-sartzeak (bug) 6,8 erabiltzaileri eragin die, eta hirugarren aplikazioek argazkietara iristeko aukera izan zuten, baita plataforman kargatu, baina argitaratu gabe zeuden irudietara ere, Facebookek azaldu duenez.
Hirugarren aplikazioetan Facebook kontuarekin saioa hasi metodoa erabili zuten erabiltzaileei eragin die argazki API batean atzemandako akatsak, argazkietara heltzeko baimena eman zutelako, konpainiak agiri batean zehaztu duenez.
Akatsa 12 egunez egon zen aktibo, irailaren 13tik 25era bitartean, eta aplikazio horietako garatzaileek erabiltzaileen argazkietara heltzeko aukera izan zuten.
Normalean, 'Timeline'an partekatutako argazkietara soilik iristeko aukera ematen dute baimenek, Facebookek azaldu duenez, baina ‘bug’ak gehiagora sartzeko abagunea eman zuen, esaterako Marketplace, Stories edo plataformara igo baina argitaratu ez zirenetara.
“6,8 milioi erabiltzaileri eta 876 garatzailek eraikitako 1.500 aplikaziori” eragin die arazoak, Facebooken ustez. Aplikazioek APIa erabiltzeko konpainiaren baimena zuten.
Hanka-sartzea zuzendu dutela ziurtatu du konpainiak. Aplikazioetako erabiltzaile kaltedunak identifikatzeko eta argazkiak ezabatu ahal izateko tresnak datorren astean garatzaileen esku jarriko dituela jakinarazi du Facebookek.
Era berean, erabiltzaile kaltedunei abisua emango diete sare sozialaren bidez. Aplikazioetan Facebooken saioa hasiera erabili zutenei onartutako argazki baimenak egiaztatzeko gomendioa eman diete.