Teknologia -
Ikerketa
Interneteko erabiltzaileen hamarretik zazpi, albiste faltsuengatik kezkatuta
Horrez gain, % 84k uste dute komunikabideen eta kazetarien ardura dela gezurrezko berriak eta benetakoak ondo bereiztea.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Interneteko erabiltzaileen % 69k kezka agertu dute sarean zabaltzen diren albiste faltsuen harira.
Galdekatutakoen % 46k esan dute azken astean gezurretako berriren bat irakurri dutela; % 45k, ostera, gaizki egindako kazetaritza lanaren adibideak topatu dituztela esan dute, besteak beste, akats faktikoak eta sentsazionalismoan oinarritako informazioak aipatu dituzte.
Oxfordeko Unibertsitateak egin duen Digital News Report 2018 txostenaren ondorio batzuk dira. Ikerketa horren bertsioa Estatuan Nafarroako Unibertsitateko Alfonso Vara-Miguel, Avelino Amoedo eta Samuel Negredo ikertzaileek burutu dute.
Espainian, Interneteko hiru erabiltzaileetatik bik uste dute politikariek albiste faltsuak erabiltzen dituztela gustatzen ez zaizkien komunikabideen kontra egiteko, eta hirutik batek esan du horrelako jarrerak antzeman dituela azken astean.
Horrez gain, % 84k uste dute gezurrezko berriak eta benetakoak ondo bereizteko ardura nagusia komunikabideena eta kazetariena dela.