Teknologia -
Informatika
1.000 lagun baino gehiago bilduko dira Araba Encounter topaketan
Urriaren 7 eta 9 bitartean Araba Encounter topaketa egingo da Gasteizen. Bertaratzen direnek segundoko hamar gigabiteko konexio-abiadura izango dute, etxeetakoa baino nabarmen azkarragoa.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 7 eta 9 bitartean Gasteizen egingo den Araba Encounter topaketak 1.000 pertsona baino gehiago elkartuko ditu. Iradier Arena aretoan izango da bilkura hori, eta bertaratzen diren pertsona guztiek segundoko hamar gigabiteko konexio-abiadura izango dute.
Informatika eta teknologia berrien zaleak 72 orduz egongo dira Iradier Arena aretoan, eta antolatzaileek jarduera desberdinak prestatu dituzte haientzat. Besteak beste, lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute, baita ezagutzak elkar trukatu eta arte digital, bideo-joko, software libre eta hardware ataletako ekintza ugariez gozatu ere.
Halaber, publiko mota guztiei zuzenduriko hitzaldi eta tailer egitarau zabala prestatu dute, hasiberri zein adituentzat, eta gai asko jorratuko dira: web garapena, lan-dinamikaren hobekuntza hodeian, telefono adimentsuen erabilera optimizatua, bideo-jokoak eta argazkigintza, besteak beste.
Hiru eguneko bilkura horretan 1.000 pertsona baino gehiago bilduko direla aurreikusi dute antolatzaileek, ordenagailuarekin bertaratuko diren zaleak, eguneko sarrerarekin gerturatuko direnak, prestakuntza-ikastaroetan izena eman dutenak eta doako jardueretara hurbilduko diren bisitariak kontuan izanda.
Guztira, 400 ordenagailu baino gehiago konektatuko ditu segundoko 10 gigabiteko abiaduran, eta etxeetako konektibitatea nabarmen gaindituko da Euskaltelen bana zabalari esker.
Araba Encounter euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter bilkurarekin eta Euskal Encounter topaketarekin batera. Azken hori Espainiako informatika-festa handiena da, eta 6.000 lagun baino gehiago biltzen ditu urtero Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia).