Teknologia -
JAURLARITZAREN KANPAINA
'Teknologia berriak arduraz erabiltzen erakusteko gida' gurasoentzat
Jaurlaritzak kaleratutako 'Internet eta teknologia berriak, hitz egingo dugu familian?' izeneko eskuliburuan teknologia berrien
ERREDAKZIOA
"Seme-alabak teknologia berrien erabilera arduratsu eta seguruan hezteko gida" argitaratu du Eusko Jaularitzak. 'Internet eta teknologia berriak, hitz egingo dugu familian?' izeneko eskuliburuan, teknologia berrien erabilera arduratsuaren inguruko oinarrizko jarraibideak daude jasota; Zeuk Esan webgunean dago eskuragai, elebitan.
Bestalde, hilabete barru, gutxi gorabehera, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzak aholkularitza-zerbitzu berri bat eskainiko du, gurasoek eta irakasleek gidaren erabileraren gainean izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Ekimen honekin, "Jaurlaritzak adingabeei, irakasleei eta gurasoei teknologia berrien erabilera arduratsu eta segurua sustatzeko baliabideak eskaini nahi dizkie".
Hain zuzen, bihar ospatuko den Internet Seguruagoaren aldeko Eguneko ospakizunen baitan kaleratu du Gasteizko Exekutiboak eskuliburua.
Safer Internet Day 2016 lehiaketa
Bestalde, teknologia berrien erabilera segurua bultzatzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lehiaketa bat antolatu du Lehen Hezkuntzako 3. mailako eta DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta.
Parte-hartzaileek apirilaren 25era arteko epea izango dute teknologia berrien eta Interneten erabilera arduratsua sustatzeari buruzko ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko. Bi adin-kategoria bereiziko dira, eta epaimahaiak bosna finalista hautatuko ditu. Edonork bozkatu ahal izango du, eta kategoria bakoitzean boz gehien dituena aterako da garaile.
Bihartik aurrera, ikastetxeek eta aisialdi-taldeek lehiaketaren gaineko informazioa jasoko dute, Zeuk Esan webgunean ere eskura egongo dena.