Politika -
'Koldo auzia'
Guardia Zibilaren arabera, Abalosek etxebizitza bat erosi zuen 2003an, Kolonbian, 2,1 milioiren truke
Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboak egindako txostenean aipatzen du, halaber, ministro ohiak Perun Fiadelso fundazioari lotutako lurrak erosi zituela. Fundazio horrek Abalosekin bestelako loturarik ere badu.
Agentziak | EITB Media
Guardia Zibilak dokumentu bat aurkitu du, eta, horren arabera, Jose Luis Abalos ministro ohiak 2003ko urriaren 17an etxebizitza bat erosi zuen, Kolonbian, 2,1 milioi euroren truke, bai eta eraikitzen ari diren etxe bat erakusten duten hainbat argazki ere.
Koldo Garcia aholkulari ohiari atzemandako disko gogor batean bildutako dokumentazio horrek Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboa jarri du etxebizitza horren arrastoan, eta jabetza hori Auzitegi Gorenera bidalitako txosten batean sartu du.
Txostenean, guardia zibilek Abalosi lotutako ondasun higigarriak eta higiezinak xehatu dituzte, eta horien artean atzerrian dauden bi jabetza daude.
2003an Kolonbian Hoyos Pelaez Sociedad Limitadari 2,1 milioi dolarretan higiezina erosi izana aipatzen duen agiri horretaz gain, Perun Tokiko eta Gizarte Garapena Laguntzeko Nazioarteko Fundazioari (Fiadelso) lotutako lurrak erosi izana ere aipatzen du. Fundazio horrek Abalosekin betselako loturarik ere badu.
Txostenean, Unitate Zentralak aipatzen du Abalosek "PSOEri lotutako 258 kontu korronteren benetako titularra dela, eta, aldi berean, beste pertsona batzuek ere parte hartzen dutela benetako titular eta/edo ordezkari gisa", eta hori egiaztatzen du "militatzen zuen alderdi politikoarekin duen loturarekin".
Hala ere, banketxeekin kontsultatu ondoren, iturri sozialistek EFEri azaldu diote informazio hori ez dela zuzena, eta Abalos ez dela ageri kontu horien titular gisa.
Guardia Zibilak, halaber, ministro ohiaren "erabilera pertsonaleko" beste zazpi kontu sartu ditu bere txostenean. Era berean, Unitate Zentralak Fiadelsorekin duen "loturari" egozten dion beste kontu baten titularkide gisa agertzen da Abalos.