Politika -
MIGRAZIOA
Adin txikiko migratzaileen banaketarako akordioa "pauso positiboa da", Eusko Jaurlaritzaren iritziz
Euskadik eta Kanariek landutako proposamena dago Junts eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioaren oinarrian. Hala ere, ez du jasotzen Euskadi "iparraldeko muga" izango denik.
EITB Media
Adin txikiko migratzaileen banaketarako Juntsek eta Espainiako Gobernuak lorturiko akordioa "pauso positiboa da", Eusko Jaurlaritzaren arabera. Hala ere, hobekuntzak egiteko aukera ikusten du, besteak beste, ez baita espresuki jasotzen Euskadi "iparraldeko muga" izango denik.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Maria Ubarretxena bozeramaileak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Kanarietako Gobernuak landutako proposamena dago akordioaren oinarrian.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du 100 milioi euroko ezohiko funtsa sortzea, baina faltan sumatu du iparraldeko mugari (Euskadi) buruzko aipamen zehatza.
Euskadi eta Kanarietako gobernuen arteko elkarlanaren testuinguruan, Imanol Pradales lehendakariak eta Kanarietako presidenteak elkarrekin telefonoz hitz egin dute gaur goizean, eta bihar bi gobernuen ordezkariek bilera egingo dute Gasteizen, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburua bertan dela.
Gaur egun Kanarietan dauden 4.000 adin txikiko migratzaile horietatik Euskal Autonomia Erkidegora zenbat irits daitezkeen galdetuta, kalkuluak egiteke daudela erantzun du Ubarretxena, baina 80-90 adingabe migratzaile inguru izango lirateke.