Politika -

Espainiako Gobernua

Sanchezek agindu du ez duela "zentimo bat ere" murriztuko gizarte politiketan, gastu militarrera bideratzeko

Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak gastu militarrean BPGren % 2ra iristeko epeak zehaztea saihestu du, eta NATOren ekaineko goi-bilerara itxarotea eskatu du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Moncloan egindako agerraldian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Moncloan egindako agerraldian. Argazkia: EFE

Pedro Sanchezek agindu du ez duela ''zentimorik ere'' murriztuko gastu sozialean, defentsara bideratzeko

1:24

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gastu militarrean BPGren % 2ra iristeko epeak zehaztea saihestu du, eta NATOren ekaineko goi-bilerara itxarotea eskatu du. Bestalde, gastu militarraren igoera horrek gizarte politiketan "euro zentimo bat ere" murriztuko ez duela agindu du agintariak.

Moncloan egindako agerraldian, egunean zehar Alberto Nuñez Feijoo oposizioko buruarekin eta gainerako talde parlamentarioetako bozeramaileekin, Vox kenduta, bildu ostean, Sanchezek berretsi du gastu militarra handitzeko Gobernuaren konpromisoa "irmoa" dela, baina nola eta noiz egingo duen argitzea saihestu du.

Baztertu egin du gaia Kongresuan eztabaidatzea

Hala, gastuaren igoera hori Diputatuen Kongresuan bozkatu behar ote den galdetu diotenean, Sanchezek esan du: "Parlamentutik pasatu behar diren gauza guztiak Parlamentutik pasatuko dira. Eta Espainiako Gobernuaren kudeaketarekin zerikusi handiagoa duten beste gauza batzuk, Espainiako Gobernuak bizkortu eta kudeatu beharko ditu. Gai honetan ez dago eztabaida gehiagorik", adierazi du.

Sanchezek modu horretan erantzun du, Nestor Rego BNGko bozeramaileak gaurko bileran Sanchezek defentsan gastua handitzea "ziurrenik" Behe Ganberatik igaro behar ez izatea onartu ostean.

Hala, NATOk ekainean Hagan egingo duen goi-bileran, "% 2 horren betetze-maila zein izango den zehaztuko da", adierazi du.

Sanchezek Aizpurua eta Esteban hartu ditu Moncloan, defentsa gastuaren igoeraren berri emateko
Sanchezek Aizpurua eta Esteban hartu ditu Moncloan, defentsa gastuaren igoeraren berri emateko

Sanchezek Aizpurua eta Esteban hartu ditu Moncloan, defentsa gastuaren igoeraren berri emateko

0:39

"Diplomaziaren" aldeko apustua egin du EH Bilduk

Bestalde, nazioarteko testuinguru berriari aurre egiteko "diplomaziaren" aldeko apustua helarazi dio EH Bilduk Espainiako Gobernuko presidenteari.

Sanchezekin izandako batzarraren ostean, Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailearen eta Espainiako gobernuburuaren arteko bilera "giro eraikitzailean, adeitsuan eta errespetuz" egin dutela jakinarazi du koalizioak.

Koalizioak "diplomazia, negoziazioa eta akordioa" aldarrikatu ditu, testuinguru geopolitiko honetan bakea bermatzeko "formularik onena" delako, eta horregatik, EH Bilduk lanean jarraituko du "euskal gizartearen eskubideak, askatasunak eta ongizatea bermatzeko baldintzarik onenak bilatu eta ziurtatzeko".

EAJk uste du gastu militarra handitzearekin batera industrian inbertitu behar dela

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailea, aldiz, gastu militarra handitzearen alde agertu da, baina uste du horrekin batera industrian inbertitu beharko litzatekeela. Sanchezen Gobernuaren eta EBren egitasmoa "gehiago definitu" behar dela onartu arren, gai horrek Kongresuan eztabaida bat behar duela uste du Estebanek.

Espainiako gobernuburuarekin bildu ostean Moncloan emandako prentsaurrekoan, Estebanek argi utzi du bere alderdiak bat egiten duela Europak "babesgabetasunari" eta nazioarteko "paradigma berriari" aurre egin behar dionaren ideiarekin, Donald Trump Etxe Zurira itzuli ondoren, arlo geoestrategikoan egiten ari den norabide aldaketekin.

"EBk garrantzitsua izan eta jarrera autonomoa izan nahi badu, Amerkietako Estatu Batuak alde batera utzita birkokatu eta indartu behar du bere burua", azpimarratu du, baina ez du uste hori "bat-batean" egin behar denik, eta "aspaldi egin behar zela" erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak