Politika -

Bidaia ofiziala

Pradalesen ustez, AEBrekiko loturak sendotu behar dira, "muga-zergen mehatxua" izan arren

Lehendakaria astelehenetik dago Washingtonen, AEBra egin duen lehen bidaia ofizialean, eta astearte honetan sektore aeroespazialeko enpresekin eta Basque Trade & Investment (BTI) elkartearen ordezkariekin batzartu da.

Lehendakaria sektore aeroespazialeko enpresekin bildu da Washingtonen. Argazkia: Irekia
Lehendakaria sektore aeroespazialeko enpresekin bildu da Washingtonen. Argazkia: Irekia

''Muga-zergen mehatxuak'' gorabehera, Euskadik AEBrekin loturak sendotu behar dituela uste du Pradalesek

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak euskal enpresekin Washingtonen egindako bilera batean adierazi duenez, "muga-zergen mehatxua" izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) epe luzera begiratu behar du eta Ameriketako Estatu Batuekiko (AEB) loturak sendotu.

Pradales astelehenetik dago Washingtonen, AEBra egin duen lehen bidaia ofizialean, eta astearte honetan sektore aeroespazialeko enpresekin eta Basque Trade & Investment (BTI) elkartearen ordezkariekin bildu da.

Hitzordu horretan, lehendakariak onartu du Donald Trumpek iragarritako muga-zergak "oso kezkagarriak" direla, baina uste du EAEk "epe luzera begiratu eta lotura ekonomikoak, enpresarialak, zientifikoak eta kulturalak indartu" behar dituela herrialde horrekin, "AEB Trumpez eta haren Administrazioaz harago doazelako".

AEBko hiriburuan demokraten eta errepublikanoen ordezkariekin duen hitzordu politikoaren aurretik, Pradalesek azaldu du "une historiko" honetan Euskadik aukera guztiak aprobetxatzen jarraitzeko "ausardia eta anbizioa" duela, "baita hemen ere, Ameriketako Estatu Batuetan". "Gure ikuspegia eta apustua epe luzekoa da, balioa emango diguten nazioarteko aliantzak eta sareak sortuz", berretsi du.

Laugarren bazkide komertziala

Lehendakariak gogorarazi duenez, AEB Euskadiren laugarren bazkide komertziala da, 2024an 1.992 milioi euroko esportazioak egin ziren eta. Era berean, erantsi du gehien esportatutako bigarren produktua hegazkingintzarako turborreaktoreen zatiak izan zirela.

Horregatik, EAEko sektore aeronautikoak eta aeroespazialak mundu mailako erreferentziazko erakunde eta enpresekin (NASA eta AEBko hainbat ikerketa-zentrorekin, esaterako) duen lankidetza estua nabarmendu du Pradalesek.

"Eragile askorekin harremanak landu eta estutu behar ditugu, ziurrenik ez baitatoz bat Trump proposatzen ari den neurri protekzionistekin", esan die aeronautika sektoreko ordezkariei.

Era berean, Ameriketako Estatu Batuak laugarren postuan daude EAEren esportazioen hartzaile gisa. Euskadiko 5.500 enpresa esportatzaileez gain, mila batek maiz merkataritza harremanak dituzte AEBko merkatuarekin hainbat sektoretan, esaterako, energia, makineria eta ekipo-ondasunak, automobilgintza eta bio-osasunean.

AEBko industria aeroespaziala munduko handiena da. 2023an, 955.000 milioi dolarreko salmentak egin zituen, hau da, BPGaren % 1,6. Eusko Jaurlaritzak ohar batean nabarmendu duenez, Espainiako industria aeroespazialaren fakturazioaren % 15 eta Europakoaren % 1 EAEtik datoz. 

Euskadik ordezkaritza iraunkorra izango du Washingtonen

Arratsaldean (Euskal Herriko ordua), lehendakariak bilerak egin ditu Joaquin Castro eta John Garamendi kongresista demokratekin, eta James E. Risch errepublikanoarekin.

Ondoren, Pradalesek iragarri du Euskadik indartu egingo duela AEBn duen presentzia, Washingtonen ordezkaritza iraunkorra zabalduz.

Jaurlaritzaren esanetan, lehendakariak aliantza berriak egin nahi ditu, AEBren eta Euskadiren arteko harremanak indartzeko.

Jaurlaritzak ordezkaritza iraunkorra izango du Washingtonen
Jaurlaritzak ordezkaritza iraunkorra izango du Washingtonen

Jaurlaritzak ordezkaritza iraunkorra izango du Washingtonen

0:45
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Merkataritza Imanol Pradales