Politika -
GERRA ZIKINA
Jose Barrionuevo ministro ohi sozialistaren kontrako kereila aurkeztuko dute GALen zenbait biktimaren senideek
Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) datorren ostiralerako deitu duten agerraldian emango dituzte kereilaren xehetasunak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak 80ko hamarkadan ETAren aurka abian jarritako ZEN Planaren baitan egindako ekintzen zenbait biktimaren senidek Jose Barrionevo (Almeria, Andaluzia, 1942) orduko Barne ministroaren kontrako kereila jarriko dute. Zehazki, Ipar Euskal Herrian bizi zen errefuxiatu taldearen aurka erabilitako estrategiaren zenbait biktimak eramango dute auzitara buruzagi ohi sozialista.
Egiari Zor Fundazioak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia) datorren ostiralerako, martxoak 14, deitu duten prentsaurrekoan emango dituzte kereilari buruzko xehetasunak. Bertan parte hartuko dute Edurne Brouard eta Bego Galdeano GALen biktimek, Maddi Bilbao eta Oscar Sanchez abokatuek eta Agus Hernan GEBehatokiko koordinatzaileak lagunduta.
Agerraldiaren berri emateko zabaldutako oharrean, aipatutako elkarteek gogorarazi dute Barrionuevo izan zela ZEN Planaren "arduradun nagusietako" bat, berak 2022an Espainiako hedabide bati egindako elkarrizketan aitortu bezala.
_______________________________________________________________________________________________________
Zure interesekoa izan daiteke: Barrionuevok Estatu Terrorismoa aitortu du El Pais hedabideak egindako elkarrizketa batean
_______________________________________________________________________________________________________
PSOEren lehen Gobernuko (1982-1986) Barne ministro izandakoari 10 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak 1998an, GALek egindako Segundo Mareyren bahiketa antolatu eta erakundea finantzatzeko dirua bidegabeki erabiltzea egotzita. Hiru hilabete baino ez zituen egin kartzelan, urte horretan bertan Jose Maria Aznarren Gobernuak indultua eman baitzion.
Ostiraleko agerraldiaren berri emateko komunikatuan azaltzen denez, ZEN Plana aurrera eramateko, bahiketak, indarrezko desagertzeak, torturak eta legez kanpoko entregak egin ziren.
Jose Barrionuevok aitortu zuen berak agindu zuela Segundo Marey GALek 1983 bahitutako herritarra askatzea, akatsa izan zelako. Azaldu zuenez, "polizia taldea pertsonaz nahastu" zela jakin zuenean, aske uzteko agindua eman zuen "nahasmendu gehiago ez eragiteko".