Politika -
Abiadura Handiko Trena
Espainiako Sustapen Ministerioak zalantzan jarri du AHTaren Ezkioko lotunea
Esan duenez, "ingurumen balio handiko lurrak dira, hidrogeologia oso konplexua dutenak". "Tartean, inguru karstikoak daude, eta, beraz, ez dakigu lotune hori oso bideragarria den", erantsi du.
EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko Abiadura Handiko Trenaren lotuneak eztabaida sakona piztu du azkenaldian. Aurki erabakiko dute lotunea Gasteiztik edo Ezkio-Itsasotik egingo duten, azken txostenak argitaratu bezain pronto.
Aste honetan bertan, Espainiako Sustapen Ministerioak aitortu du "zalantzak" dituela Ezkioko lotunearen bideragarritasunaren inguruan. Azterketaren behin betiko emaitzak heldu bitartean, Donostia eta Iruñea arteko lotura nondik egingo duten eztabaidatzen jarraitzen dute.
EH Bilduko Josu Estarrona arabar senatariak Senatuan egindako galderari erantzunez, Espainiako Gobernuak argitu du Ezkiokoak "ingurumen balio handiko lurrak" direla, "hidrogeologia oso konplexua dutenak". "Tartean, inguru karstikoak daude, eta, beraz, ez dakigu lotune hori oso bideragarria den", azaldu du Sustapen Ministerioak.
Gainera, udalak trabak jartzen ari dira, eta zaila egiten zaie azterketetarako baimenak lortzea. Horrek guztiak atzeratu egin ditu egiten ari diren azterketen emaitzak.
Duela bi aste, PSNko eledun Ramon Alzorrizek esan zuen lotunea Gasteiztik egingo dutela edo bestela ez dela egingo.
Horren aurrean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak jakinarazi zuen Oscar Puente Garraio ministroarekin "premiaz" biltzeko eskaera egin duela, Abiadura Handiko Trenaren inguruko "irizpide aldaketak, arinkeria eta Ezkio-Itsasoko lotunea baztertuz egindako adierazpen zorrotzak" direla eta.