Politika -
Ongizate-estatua
Zer gertatuko da pentsioekin eta LGSarekin PPk, Voxek eta Juntsek omnibus dekretua atzera bota ostean?
Urtarrilean pentsioen zenbatekoa % 2,8 igoko da, baina otsailean murriztu egingo dira, Gizarte Segurantza Ministerioak baieztatu duenez. Era berean, lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) 2023ko mailara itzuliko da, hau da, hilean 1.080 euro.
Agentziak | EITB Media
Urtarrilean pentsioen zenbatekoa % 2,8 igoko da, nahiz eta PPk, Voxek eta Juntsek botoak batu dituzten gaur Kongresuko Osoko Bilkuran, pentsioak igotzea jasotzen zuen omnibus lege-dekretua atzera botatzeko, baina otsailean berriro murriztu egingo dira.
Hala baieztatu du Gizarte Segurantza Ministerioak, eta adierazi du urteko lehen hilabeterako izango dela, hura arautzen zuen lege-dekretua "gaur arte indarrean egon delako".
Hala ere, onartu dute Espainiako eskuin eta ultraeskuinak eta Kataluniako eskuinak ezetz esateak erretirodunek pentsio baxuagoa jasatea ekarriko duela, nahiz eta urteko lehen hilabetean prestazioa igo den.
Espainiako Gobernuak 2025erako pentsioak, oro har, % 2,8 igotzea onartu zuen abenduan, KPIren arabera, eta baxuenak % 6 eta % 9 artean igoko lirateke, prezioen igoeraren gainetik.
LGS
Era berean, lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) 2023ko mailara itzuliko da, hau da, hilean 1.080 euro 14 ordainsaritan, lege-dekretuak 2024ko LGSaren igoeraren luzapena ere jasotzen zuelako.
Aurreikuspenen arabera, egoera horrek bere horretan jarraituko du 2025eko gutxieneko soldatarako beste igoera bat adostu arte; gizarte-eragileak eta Lan Ministerioa ari dira hori negoziatzen.
Ildo horretan, Lan Ministerioa bide egokiena aztertzen ari da LGSak egungo balioari eutsi diezaion bermatzeko: 1.134 euro gordin hilean, 14 ordainsaritan. Lan Ministerioak azaldu duenez, LGSaren luzapena atzera botatzeak hutsune bat utzi du 2025erako zenbateko berria onartu arte, eta urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginez aplikatuko da.
Gutxieneko soldata onarturik ez izateak kontratazio berriei eragin diezaieke, ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekorik ez dagoelako zehaztuta.
"Pentsio duinak bermatzea ez da soilik gai ekonomiko, politiko eta alderdikoia, gizarte osoaren berdintasun eta ongizatearekiko konpromisoa baizik", gogorarazi du Gizarte Segurantzak.
Era berean, nabarmendu du Espainiako Gobernuak sei urtean % 26,6 handitu dituela pentsioak, nahiz eta talde politiko batzuek "arduragabekeriaz" jokatu, eta azpimarratu du pentsioen balioa areagotzeak pobrezia-tasa % 16,4 murriztu duela, eta 8 milioi pertsona inguru muturreko pobrezian murgiltzea saihestu duela.
Gizarte Segurantzak azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak pentsiodunekin duen konpromisoa "hautsiezina" da, eta dekretuaren aurka bozkatu duten alderdi politikoei "2025ean pentsioak zergatik murriztu dituzten azaldu dezaten" eskatu diete.