Politika -

EUSKADI IRRATIA

Aizpurua: "Kongresuan gehiengo alternatiboa osatzeko urratsak ematen ari da eskuina"

EAJk, Juntsek, PPk eta Voxek bat egin zuten joan den astean Espainiako Diputatuen Kongresuan, enpresa energetikoen zerga berezia kentzeko. Argazki horretan "bide baten hasiera" ikusten du Mertxe Aizpurua EH Bilduren diputatuak. "PP eta Vox txaloka ikusteak zer pentsatua eman zidan", esan du.

Mertxe Aizpurua, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media
Mertxe Aizpurua, gaur, Euskadi Irratian.
Mertxe Aizpurua, gaur, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuan eskuineko gehiengo alternatibo bat eraikitzeko "pausoak" ikusten ditu Mertxe Aizpurua EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak, eta horren erakusle joan den astean enpresa energetikoen zerga berezia kentzeko EAJk, Juntsek, PPk eta Voxek bat egin izana jarri du. Uste du "oso arriskutsua" eta "arduragabekeria handia" dela gertatutakoa.

"Plenoaren ondoren PP eta Vox txaloka ikusteak" zer pentsatua eman ziola azpimarratu du. "Gehiengo alternatiboa ospatzen ari ziren. Prestatzen ari dira, eta gehiengo hori ez da Euskal Herriak behar duena", esan du.  Ez du uste Juntsek eta EAJek jarrera aldatu dutenik, baina "lehen pausoak" izan daitezkeela iritzi dio. "Ikusi duguna da zerga energetikoaren inguruan EAJ, Junts, PP eta Vox nola alineatu diren. Ardatz hori martxan jarri da eta izan daiteke bide baten lehen pausoa".

Energia konpainien gaineko zerga bereziaren harira, Aizpuruak berretsi du "EH Bilduren helburua ere badela tasa hori zerga bihurtzea eta hemengo erakundeek biltzea", baina gogora ekarri du oraingoz ezin dela. Gaia lantzen ari direla esan ondotik, salatu du "ez dela arrazoizkoa zerga mantentzea", enpresa horiek euren irabaziak "bikoitzen eta hirukoizten" ari direla kontuan izanda.  Interes "alderdikoiak" ikusten ditu atzean.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren eta PSOEren kideen aurka zabalik dauden auzibideei buruz galdetuta, EH Bilduren diputatuak aitortu du "oso zaila" dela "anabasa" honetan, "prozedura guztiak" jarraitzea. Bere hitzetan, "bistakoa" da "estrategia bat" dagoela Espainiako Gobernu kontra eta "froga garbirik" ez dela erakusten. Nolanahi ere, azaldu du guztia "adi" jarraituko dutela, eta "ustelkeria kasurik balego", koalizioak bere jarrera berraztertuko lukeela. "Oraingoz, ez dago zantzurik hori hala dela esateko. Gobernu hau mantentzea ardura politiko ariketa bat da".

Azkenik, legealdi honetan EAEn autogobernua berritzeko aukera garbia ikusten du, eta zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrean alderdi subiranistek duten gehiengoa aprobetxatu behar dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia