Politika -

Bizkaiko Foru Aldundia

EAJk eta PSE-EEk aurrekontu akordioa itxi dute EH Bildurekin Bizkaian

Adostutakoaren arabera, foru gobernuak 33 milioi euro bideratuko ditu garraio publikoa (15 milioi), zaintza sistema (10), lehen sektorea (5) eta etxebizitza (2) sustatzeko. Horrenbestez, EAEko hiru lurraldeetako gobernuek itun zabalagoak erdietsi dituzte 2025eko aurrekontuak onartzeko.

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura bat. Argazkia: BBNN
Bizkaiko Batzar Nagusiak.
Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkura bat. Argazkia: BBNN

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko foru gobernuak, EAJk eta PSE-EEk osatzen dutenak, akordioa lortu du EH Bildurekin Bizkaiko 2025eko aurrekontuak onartzeko, koalizio subiranistak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ohar banatan jakinarazi dutenez. EH Bildu abstenitu egingo da aurrekontuen bozketan.

Adostutakoaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak 33 milioi euro bideratuko ditu hurrengo hiru ekitaldietan bost eremu handitan 29 jarduketa martxan jartzeko. Zehazki, diru partidaren ia erdia (15 milioi euro) garraio publikoa sustatzeko erabiliko da, eta heren bat (10 milioi) zaintza sistema komunitarioa bultzatzeko. Gainerako zortzi milioiak modu honetara banatuko dira: bost milioi, lehen sektorearentzat eta lurralde garapen orekatua lortzeko, trantsizio energetikoarekin lerrokatuta; bi milioi etxebizitza eta gazteen emantzipazioa finantzatzeko erabiliko dituzte, eta milioi bat, industria ondarea sustatzeko.

29 neurriok Bizkaiko aurrekontu proiektuan txertatuko dira zuzenketa partzialen bidez edota hurrengo ekitaldietako proiektuetan aurrekontu aldaketak eginez.

Bi aldeak, pozarren akordioarekin

Foru erakundea "pozik" agertu da akordioarekin, "Bizkaiko gizarteak behar dituen politiken eta jardueren inguruko adostasunak zabaltzeko borondatearekin bat datorrelako". Halaber, gogorarazi du erakundea "elkarrizketarako prest" dagoela, bere "jarduera eremu guztietan elkarguneak" bilatzeko.

EH Bilduk ere balioan jarri du akordioa. Horren ildotik, Peio Otxandiano bozeramaileak adierazi du Aldundiak "lehen aldiz borondate erreala" izan duela koalizioarekin negoziatzeko.

Bizkaiko foru gobernuak gehiengo osoa du Batzar Nagusietan, eta, beraz, bermatuta zeukan aurrekontuen onarpena. Dena dela, itun horri esker, akordio zabalagoa izango dute kontuek (51 eserlekuetatik 46ren babesa).

Gauzak horrela, hiru lurraldeetako foru gobernuek datorren urterako aurrekontuak onartzeko modua izango dute. Gipuzkoan, PPren botoekin aterako dira aurrera, eta Araban, EH Bilduren babesarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Ekonomia albisteak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE berriak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Bizkaiko Foru Aurrekontuak Bizkaiko Foru Aldundia albisteak