Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Dufau: "Denekin hitz egiteko prest dagoen lehen ministro bat behar dugu"
Fronte Popularra Berriaren barruan EHBairen diputatua denak azpimarratu du Asanblada zatituta dagoela, eta horrek beharrezko egiten duela bataren eta bestearen babesak bilatzea.
eitb media
Peio Dufau Frantziako Asanblean Fronte Popular Berriaren barruan EHBairen diputatua denak "denekin hitz egiteko prest" dagoen lehen ministro baten beharra defendatu du, Parlamentuaren zatiketak babesak han eta hemen bilatzea eskatzen duelako.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean diputatu lapurtarrak nabarmendu duenez, Asanblea "hiru herenetan zatituta dago: heren bat ezkerrekoa, beste bat zentrista eta eskuindarra, eta eskuin muturrarena azkena".
Dufauk gogorarazi du zentsura mozio bidez kendu duten Michele Barnier lehen ministroak eskuin muturraren "babes isila" behar izan zuela izendatua izateko, eta aitortu, haiek nahi duten lehen ministro ezkertiarra boterera iristeko hark ere beste norbaiten babesa beharko lukeela.
Bere ustez, Ipar Euskal Herrian, adibidez, ikusi da kontsentsuak lor daitezkeela zenbait gairen inguruan eta alderdien artean, "ezkerretik eskuineraino, abertzaleak barne", tartean etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.
Horregatik, esan du helburua ez dela "izen kontua", baizik eta gauzak aldatzeko eta denekin hitz egiteko gai den pertsona bat jartzea: "Norbait eraikitzailea, denekin lan egiteko prest dagoena". "Michele Barnier izan behar zen hori, baina azkenean ikusi da ezkerrari bizkarra eman diola", deitoratu du.
Blokeo egoera baten aurrean hauteskundeak errepikatzearen alde egongo litzatekeen galdetuta, Dufauk argi erantzun du ezetz: "Politikari arduratsu gisa, orain garaipen batzuk lortu behar direla uste dut, gauzak hobetzeko gizarte osoarentzat. Egoera biziki larria da. Gizarteak ez du joko politikorik nahi, hobekuntzak nahi ditu: etxebizitza arloan, laborantzan, euskararen alde… Gai horiek ditugu pil-pilean".
Ukatu egin du Fronte Popular Berriaren barruan zatiketa dagoela, eta salatu du horixe dela Emmanuel Macron presidentearen helburua: "Fronte Popular Berria astebetean desagertu behar zela esaten zuten, eta sei hilabetera baturik segitzen dugu".
Laborari batzuk haserre agertu dira Barnierren kargugabetzea dela eta, haientzako neurri batzuk iragarriak zituelako. Dufauk esan du ulertzen duela haserrea, baina haiekin batzartu direla eta lehen ministro ohiarenak baino proposamen hobeak helarazi dizkietela. Besteak beste, bildotsak saltzen laguntzeko neurriak hartzen hasiak direla iragarri du, mihi urdinaren gaitzaren karietara Espainiako Estatuan saltzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko.
Azkenik, Macronek Frantziako Estatuan ofizialak ez diren hizkuntzek "zatitu" egiten dutela esan izanari buruz, Dufauk erantzun du presidenteak ez dakiela "zertaz ari den ere". "Hizkuntzek zubiak sortzen dituzte. Bi hizkuntza jakitea hobea da hizkuntza bakarra jakitea baino", nabarmendu du. "Diputatu gisa, segituko dut gure hizkuntzak defendatzen, Parisetik duten ikuspuntua aldatzen, erakutsiz ez dela beldurrik eduki behar hizkuntzekin, alderantziz baizik", gaineratu du.