Politika -

ESKUMENAK

EAEra itsasertzaren kudeaketa eta jarduera zinematografikoa transferitzea adostu dute Pradalesek eta Sanchezek

Lehendakaria eta Espainiako Gobernuko presidentea Moncloan bildu dira, eskualdatzeko dauden transferentziekin aurrera egiteko. Pradalesek esan du bilera "oso emankorra" izan dela, eta azpimarratu du "gai oso zehatzak" aztertzen hasi direla.

Sanchez eta Pradales, gaurko bileran. EFE
Sanchez eta Pradales, gaurko bileran. EFE
Sanchezek Pradales hartu du Moncloan eskumenen transferentziaz hitz egiteko

0:43

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bi eskumen Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) transferitzea adostu dute gaur arratsaldean: itsasertzaren kudeaketa eta jarduera zinematografikoa. Lehendakariaren hitzetan, "puzzlearen azken pieza, kulturaren arloan Gernikako Estatutua beteta dagoela esan ahal izateko".

EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko Lankidetzarako Aldebiko Batzorde Iraunkorra gaur arratsaldean bildu da, Moncloan, 1987an eratu zenetik aurrenekoz. 

Bertan, bi gobernuen goi-ordezkariek parte hartu dute: Pradales eta Sanchez eurak ez ezik, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburua ere izan da.

Transferitzeko gelditzen diren 29 eskumen zituzten mahai gainean gaurko bileran.

Horren ildotik, Pradalesek ziurtatu du "bultzada berri bat" eman diotela hurrengo eskumen sortari: meteorologia, itsas salbamendua, atzerritarren lan egiteko baimenak eta makinak egiaztatzeko Barakaldoko zentro nazionala.

"Bi gobernuak lanean ari gara horiek adosteko eta bloke hori urtea amaitu baino lehen ixten saiatzeko", nabarmendu du. Horretarako, azpibatzorde bat sortzea erabaki dute. "Zorrotzak izango gara", erantsi du.

Imanol Pradales: ''Hurrengo transferentzia blokeari bultzada bat eman diogu''
Imanol Pradales: ''Hurrengo transferentzia blokeari bultzada bat eman diogu''
Imanol Pradales: ''Hurrengo transferentzia blokeari bultzada bat eman diogu''

0:54

Gernikako Estatutua betetzeaz aparte, beste gai batzuk ere jarri ditu lehendakariak mahai gainean, esaterako, migrazioaren inguruan Estatu mailako plan baten beharra. Migrazioaren kudeaketa, arku atlantikoaren makroeskualdearen bultzada eta euskararen ofizialtasuna Europako erakundeetan.

Pradalesek esan du bilera "oso emankorra" izan dela, eta azpimarratu du "gai oso zehatzak" aztertzen hasi direla.

Lehendakariak esan du bi gobernuek Atlantikoko Makroeskualdea bultzatzeko "konpromiso irmoa" hartu dutela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak hiru aldeko bilera antolatu eta hartuko du Bilbon 2025ko hasieran, Frantzia, Espainia eta Portugaleko EBrako estatu-idazkarien artean, eta apirilean Arku Atlantikoaren Batzar Nagusian makroeskualdea sortzeko bide-orria aurkeztuko du.

Bestalde, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du Frantziako, Irlandako eta Portugaleko gobernuetako Atzerri ministerioen aldeko jarrera bultzatzeko, eta Gai Orokorretako Kontseiluan makroreskualdeari buruzko Memorandum bat aurkezteko, Europako Kontseiluak 2025eko lehen seihilekoan, Poloniaren presidentetzapean, agindua eman dezan.

Migrazioari dagokionez, Pradalesek beharrezkotzat jotzen du immigrazioari buruzko plan estrategiko bat martxan jartzea; Atzerritarrei buruzko Legea aldatzea, EAEk gizarte- eta lan-arloan eskumen gehiago izan ditzan; atzerritarrei hasierako lan-baimenak emateko eskumena eskualdatzea; eta jatorrizko herrialdeetan enpresa eta hezkuntza elkarteekin eta lankidetza-agentziekin lan egitea, laneratze duina bermatzeko.

Inoren kargura ez dauden adingabe migratzaileei dagokienez, lehendakariak kezka agertu du "Estatu osoan sortzen ari diren desoreka handiengatik, Euskadiri zuzenean eragiten diotelako". "Banaketa orekatua, solidarioa eta bidezkoa bermatu behar dela uste dugu", gaineratu du, "eta, horrez gain, memoria ekonomiko bat sortu behar da horri eusteko, hau da, aparteko baliabideak eman behar zaizkio ahalegin handiena egiten duenari".

Agintariak Fiskaltzarekin komunikazio bideak eta protokoloak ezartzea eskatu du, familia-erreferenterik ez duten pertsonen identifikazioa arintzeko eta adingabeak diren ala ez egiaztatzeko.

Azkenik, euskarak Europako erakundeetan duen presentziari dagokionez, Pradalesek uste du beharrezkoa dela bi gobernuen lankidetza eta lan "diskretuarekin" jarraitzea urratsak eman ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales