Politika -
FISKALITATEA
Zerga sistemaren erreforma egiteko adostasuna lortu dute EAJk eta PSE-EEk
Bi alderdien arabera, akordioak progresibitatea hobetzea, EAEko ekonomia eta gizarte sarea indartzea eta zerbitzu publikoak bultzatzea ahalbidetuko du, besteak beste.
EITB Media
EAJk eta PSE-EEk akordioa lortu dute egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen zerga sistema erreformatzeko, bi alderdiek gai horretan jarrera bateratua izateko hartu zuten konpromisoaren baitan, bi alderdiek asteazken honetan argitaratu duten oharraren arabera.
Bi alderdiak bat datoz, bi-biek uste dute gaur egun indarrean dagoen zerga sistemak "funtzionatu egin duela", baina neurri berriak adostu dituzte progresibitatean aurrera egiteko, errenten banaketa hobetzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, etorkizuneko erronkei erantzuteko baliabide nahikoa izan ditzaten. Aurrera begirako erronken artean, demografia, zaintza, enplegu duina, gazteen emantzipazioa eta kolektibo ahulen babesa aipatu ditu.
Halaber, jeltzaleek zein sozialistek uste dute neurri berriek lagunduko dutela EAEko ekonomia eta gizarte sarea indartzen, trantsizio berdean aurrera egiten, alokairuko etxebizitza kopurua handitzen eta etxebizitza eskubidea bermatzen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen.
Akordioa foru arau batean jaso beharko da orain. Lehenik eta behin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru gobernuek onartuko dute arau proiektua eta ondoren eztabaidatu eta onartu beharko da lurralde bakoitzeko Batzar Nagusietan. Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa dute EAJk eta PSE-EEk, ez ordea Araban eta Gipuzkoan, hortaz, beste alderdi politiko baten babesa beharko dute bi lurralde horietan neurri berriak onartzeko.