Politika -
ESKUMENAK
Lankidetzarako Bitariko Batzordea azaroaren 6an elkartuko da eskumenen transferentziak bizkortzeko asmoz
Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango dira bertan, eta irailaren 20an adostutako "kronpromisoa"ren emaitza omen da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lankidetzarako Bitariko Batzorde Iraunkorra azaroaren 6an elkartuko da eskualdatzeko dauden eskumenen transferentzia bizkortzeko asmoz, eta Imanol Pradales lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea izango dira bertan, Lehendakaritzako iturriek jakinarazi dutenez.
Batzarra Madrilen izango da, eta Pradalesek eta Sanchezek irailaren 20an egindako bileran hartutako "konpromisoa"ren emaitza da.
Hori horrela, Estatutua osorik betetzeko bidean aurrera egiteko helburua du batzarrak, 45 urte bete dituenean oraindik 29 transferentzia falta baitira eskualdatzeko.
Pradalesek eta Sanchezek irailaren 20an egindako batzarrean adostu zuten Batzordea urria amaitu baino lehen elkartuko zela, baina azkenean azaroaren 6an bilduko da.
Bilera hartan, Pradalesek eskumenak eskualdatzeko egutegi bat helarazi zion Sanchezi, egutegi "errealista eta egingarria".
Gainera, PSOEko buruak eta Andoni Ortuzar EAJren presidenteak 2023ko azaroan sinatu zuten inbestidura akordioan adostu zuten bi urteren buruan transferentzia guztiak eginda egon beharko zirela.