Politika -
Errejonen dimisioa
Sanchezek "konfiantza" azaldu die Diazi eta Sumarri, Errejonen aurkako akusazioen ostean
Era berean, Espainiako gobernuburuak gaitzetsi egin ditu "berdintasun proiektu honen kontra egiten dutenak", eta babesa eman die jazarpena eta erasoak jasaten dituzten emakumeei.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak "konfiantza" azaldu die Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroari eta Sumarri, Iñigo Errejon Kongresuko diputatu ohiaren aurka jokabide matxistak egotzita sareetan egindako salaketen ostean.
"Gobernuak Espainia feminista baten alde lan egiten du, non emakumeek gizonen eskubide, aukera eta askatasun eta segurtasun berberak izango dituzten", idatzi du Sanchezek X sare sozialean.
Halaber, gaitzetsi egin ditu "berdintasun proiektu honen aurka egiten dutenak", eta babesa adierazi die jazarpena eta erasoak jasaten dituzten emakumeei.
Azkenik, "konfiantza" osoa helarazi die Diazi eta Sumarri, "emakumeen aurrerapausoen alde asko egin duen eta egiten ari den erakundeari", gaineratu du.
Erreakzio gehiago
Ana Redondo Berdintasun ministroak ere adierazi du espero duela Sumarrek Iñigo Errejonen aurka sare sozialetan egindako salaketen ostean abiatutako barne ikerketak gertatutakoa "azkar eta gardentasun osoz" argitzea.
Yolanda Diaz bigarren presidenteordeak nabarmendu du Sumarrek "matxismoaren" aurka duen konpromisoa sendoa dela, eta nabarmendu du Sumarrek ikerketa bat abiatu duela Errejonen aurka sareetan egindako salaketei buruzko informazioa biltzeko. Prozesu horren ondorioz, kargu guztiak utzi ditu politikariak.
Elias Bendodo PPko Autonomia eta Toki Koordinaziorako idazkariordeak, aldiz, azalpenak eskatu dizkie Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteordeari eta Pablo Iglesias Podemoseko sortzaileari, Errejonek emandako dimisioari buruz, eta gertatutakoa "estaltzea" leporatu die.
Era berean, Santiago Abascal Vox ultraeskuineko alderdiaren buruzagiak kargu hartu dio Errejoni "matxismo eta patriarkatu lezioak" emateagatik, dimisioa eman behar izan duenean, "emakumeen aurkako tratu txarrak leporatuta".
"Inpunitatea amaitzea eta isiltasuna haustea ez da erraza, orain arte gehiegitan babesten baitzen boteredun gizona. Bortxaketaren kulturaren dinamika hori aldatzea da feminismoak guztioi jartzen digun zeregina, kasu honetan alderdi eta komunikabideei", esan du Irene Montero Berdintasun ministro ohiak X sare sozialean.
"Mundu bidezkoago, gizatiarrago eta feministago bat defendatzen dugun indar politikoentzat, egiten dugunaren eta esaten dugunaren arteko koherentziak baldintza saihestezina izan behar du. Konpromiso hau errealitate bihurtzeko lanean jarraituko dugu", aldarrikatu du Ernest Urtasun Kultura ministro eta Sumarren bozeramaileak.