Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Aurrekontu akordio orokorrerako proposamena defendatu du Otegik eta luzarorako dela azpimarratu du
Estatus politiko berriari buruzko negoziazioei begira, Estatuarekin adostutako aldebiko prozesua aldarrikatu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
EITB Media
Datorren urteko Eusko Jaurlaritzako eta hiru aldundietako aurrekontuak adosteko EH Bilduk egindako akordio proposamen globala defendatu du Arnaldo Otegik, eta hurrengo urtean ere aukera hori mahai gainean jarriko dutela gaineratu du. Aurten ez bada, aurrera begira posible izango dela uste du. Koalizio subiranistak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeen finantza baliabideak batu nahiko lituzke, beti ere instituzioen arkitektura errespetatuta, ondoren dirua nola banatu erabakitzeko.
Etorkizuneko estatus politiko berriari buruz galdetuta, Espainiako Estatuarekin adostutako aldebiko prozesua aldarrikatu du Otegik Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Otegiren esanetan, lehenik eta behin herri akordio zabal bat lortu behar da Eusko Legebiltzarrean alderdi abertzaleen artean, baina ez abertzaleen artean bakarrik, eta, ildo horretan, PSE-EE eta ezker konfederala aipatu ditu. Gasteizko ganberan akordioa lortu ostean, erreferendum batean herriari bere iritzia galdetzea defendatu du Otegik. Ondoren, testu hori Madrilen negoziatu beharko litzateke. Handik bueltan bigarren erreferendum batean berriro herriari galdetzea nahiko luke EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
Estatuarekiko harreman eredua aldatzeko lehen pausoa euskal nazioaren aitortza dela uste du Otegik. Horren ondotik, hiru lurraldeen (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eskumenak eta Estatuarenak zein diren definitzea planteatu du Otegik, epaitegiek eskumenak urratu ez ditzaten.
ETAko preso batzuen kaleratzea azkartuko duen erreformaren inguruan, Otegik argi utzi du ez zaiola inori zigorrik murriztu. Edozein kasutan, ETAko presorik kartzelan ez egotea elkarbizitzari begira "etorkizuneko inbertsioa" dela nabarmendu du. "Zein da alternatiba? 2050ean ere ETAko presoak egotea?", galdetu du Otegik.
Azkenik, EAJren eta PSEren arteko "burdinazko aliantzak" agortuta daudela uste du Otegik. Are gehiago, aliantzak aldatu egingo direla ziurtatu du, oraingo irabazle eta galtzaile eredutik denak irabazle izango diren eredu batera.