Politika -
Eusko Legebiltzarra
Ertzaintzan lan eskaintzak egiteko egutegia eskatu diote Jaurlaritzari EAJk, PSE-EEk eta PPk
2027rako 8.000 agente egotea beharrezko jo dute Jaurlaritzako bi bazkideek eta popularrek eta, helburu horrekin, egitasmoa prestatzeko eskaera egin diote Segurtasun Sailari, akordioa eginda.
Agentziak | EITB Media
Miguel Tellado PPko bozeramaile parlamentarioak Kongresuan ETAko biktimen argazkia erakutsi izanak aurrez aurre jarri ditu PSOE eta PP. Legebiltzarrean ere horren kontura mokoka ibili badira ere, akordiorako tartea izan dute PSE-EEk eta EAEko PPk beste gai baten inguruan. Izan ere, EAJk, sozialistek eta popularrek botoak batu dituzte Ertzaintzan lan eskaintza publikoak egiteko egutegia eskatzeko.
Zehazki, 2025eko martxoa baino lehen, Ertzaintzaren 8.000 lanpostuak betetzeko egitasmoa aurkezteko eskaera egin diote hiru taldeek Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari. Argudiatu dutenez, agente ugarik erretiroa hartuko dute hurrengo urteotan, eta 2027rako 8.000 ertzainen langa erdietsi beharko luke Euskal Polizia Autonomikoak.
PPk eta Voxek Ertzaintzaren langileen inguruko mozio bana aurkeztu dituzte gaurko osoko bilkuran. Biak elkarrekin eztabaidatu badira ere, azkenean Alderdi Popularrarena bakarrik onartu du ganberak, EAJrekin eta PSE-EErekin akordioa eginda.
Ainhoa Domaica PPko legebiltzarkideak ekimenaren defendatzeko hitzartean gogora ekarri duenez, gaur-gaurkoz 7.412 ertzain daude, eta hortaz, "600 agenteren defizita" dago. Horri kontrajarriz, "une honetan delituen kopuruak marka guztiak hautsi ditu, eta delinkuentzia etengabe doa goraka". Jon Andoni Atutxa (EAJ) eta Miren Gallastegui (PSE-EE) pozik agertu dira adostasuna lortu dutelako eta eskerrak eman dizkiote elkarri alde guztiek erakutsitako "borondate onagatik". Hiruren hitzetan, itunak Euskadiren "segurtasuna hobetuko du".
EH Bildu eta Sumar, aldiz, abstenitu egin dira. Julen Arzuaga koalizio subiranistaren legebiltzarkideak azaldu duenez, 8.000 agenteen langa "Segurtasun Batzordeak ezarritako muga da, baina ez da derrigorrezkoa hura erdiestea". "Totem bat dirudi, zenbaki magiko bat, 8.000 ertzain izanda gure arazo guztiak konponduko balira bezala", bota du, ironiaz. Hain justu, kritikatu du hori dela eskuinak eta eskuin muturrak duten estrategia: "Beldurra sorrarazi nahi dute, alarma egoera bat sortu, eta polizia eta baliabide gehiago eskatzen dituzte, eta eskubide eta askatasun gutxiago". Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak ez du eztabaidan parte hartu.