Politika -
EAJ
Atutxak iragarri du ez duela BBBren presidentetzan jarraituko
2013tik zuzendu du Bizkai Buru Batzarra (BBB), eta buruzagi jeltzaleak gaur jakinarazi du "une ezin hobea" dela "garai bati amaiera eramateko". Kargua utzita, bere lanbidera itzuliko da, "normaltasun osoz".
EITB MEDIA
"Azaroaren 23an bukatutzat emango dut BBBren zuzendaritzan eta ekitaldi politiko publikoetan egindako garaia", hitzokin iragarri du gaur Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko presidenteak bere agurra. "Politikan jarraituko dut, baina beste leku batean", argitu du. EAJk duela gutxi abiatu du bere zuzendaritza berritzeko barne prozesua, eta hura amaitzeko hilabete baino gehiago falta den honetan egin du iragarpena politikari jeltzaleak.
Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, "une ezin hobea da garai bati amaiera emateko eta beste pertsona batek ardura gogoz eta ilusioz hartzeko". Bere ordezkoa nor izan daitekeen galdetuta, erantzun du afiliatuei dagokiela aukeratzea.
Kargua utzita, bere lanbidera —ikus-entzunezkoen arloa— itzuliko dela iragarri du, "normaltasun osoz". Azaldu duenez, hainbat urte ditu lan jarduna amaitzeko eta ofizioa "faltan" du. "Normaltasun osoz itzuliko naiz nire aurreko bizitzara eta lanbidera. Egiten dakidana da eta bertan bukatu nahi nuen nire ibilbide profesionala", zehaztu du.
Atutxaren arabera, "pribilegioa" izan da ia 12 urtez Bizkaiko EAJren buru izatea, "arlo pertsonalean ere higadura" sumatu duen arren. Karguan jarraituko ezbadu ere, azpimarratu du ez duela politikagintza eta EAJ utziko —1983tik dago afiliatuta—. "Beti eutsiko diot politikagintzari zor diodan konpromisoari", erantsi du.