Politika -

EKIALDE HURBILA

Espainiak, Israeli: "Espainiako gizartearen gehiengo zabal batek antisemitismoa baztertzen du"

Atzo zabaldutako mezu batean, "gorrotoa sustatzeko paradisua" izatea egotzi zion Israelek Espainiari, Masar Badil taldeak Madrilen egin berri duen kongresu baten harira. Gogor kritikatu ditu hitzok Albares ministro espainiarrak.

Jose Manuel Albares, artxiboko irudi batean.
Jose Manuel Albares, artxiboko irudi batean.
Jose Manuel Albares, artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gorrotoa sustatzeko eta Israelen suntsipena hauspotzeko paradisua". Hori da Espainia, Israelen iritzian. Masar Badil mugimenduak Madrilen egin berri duen kongresu baten harira egin ditu adierazpenok Gobernu israeldarrak. "Talde terroristekin lotura" duela uste du Israelek. Gazako Zerrendako "genozidioa" salatzeko atzo egin ziren manifestazioetako deitzaileetako bat ere izan zen talde hori.

"Haserre eta triste gaude, Espainia gorrotoa sustatzeko eta Israelen suntsipena hauspotzeko paradisu bilakatu delako". Hala zioen Israelgo Gobernuko Atzerri Gaietako Ministerioak X sare-sozialean zabaldutako mezuak. "Onartezintzat" jo zuen, "gizarte demokratiko batek terrorismoa goratzea eta Hamasek gizateriaren kontra egindako krimenak ospatzea". 

Berehala etorri da Espainiako Gobernuaren erantzuna, Jose Manuel Albares Atzerri Gaietako ministroaren ahotik. Bere hitzetan, "guztiz lekuz kanpo" daude Israelen akusazioak.

TVE telebista katean egindako elkarrizketa batean, Masar Badil mugimenduaren berri bazuen galdetu diote ministroari, eta ezetz erantzun du, ez duela talde horren ezaguerarik. "Nolanahi ere, akusazioa guztiz lekuz kanpo dago. Espainia herrialde tolerantea da, askatasunez bizi daitekeen herrialdea, adierazpen askatasuna dagoen lekua. Eta noski, Espainiako gizartearen gehiengo zabal batek antisemitismoa baztertzen du, baita Zigor Kodeak ere", adierazi du.

Horrekin batera, Albaresek Israeli gogorarazi dio "Espainiak Fiskaltza eta epaileak" dituela. "Norbaitek uste badu antisemitismoa sustatu dela, Fiskaltzara jo dezake", erantsi du.

Hamasek Israelen kontra egindako erasoa izan zela urtebete bete denean, berriro "gaitzetsi" du eraso hura, eta preso israeldarrak askatzea eskatu du. Gazarako berehalako su-etena ere aldarrikatu du. "Milaka eta milaka herritar errugaberen heriotza eragiten ari den gerra beldurgarri hau amaitu dadila".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina