Politika -
Entrevista
Perez Iglesiasek "onartezintzat" jo du "jazarpena", "bereziki unibertsitate esparruan"
Komentario homofobo, sexista edo matxistei buruz esan du, bere ustez, ez direla unibertsitateko ideiekin bateragarriak, jokabide batzuk giza eskubideak eta pertsonen duintasuna urratzera iritsi ahal direlako.
EITB
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek ohartarazi du "jazarpena" onartezina dela, "bereziki unibertsitate esparruan", eta, beraz, EHUko irakasleak iragan ostiralean jasandako erasoa "gaitzetsi" beharra dagoela. Era berean, gaineratu du, sare sozialetan zabaldu diren iritziak unibertsitatearen ideiekin bateragarriak ez badira, zentroak berak erabaki behar duela nola jokatu.
Radio Euskadiri gaur goizean eman dion elkarrizketan, adierazpen horiek egin ditu Leioako campusean bizi izandakoaren harira.
Orain sailburu eta garai batean EHUko errektore izandakoak azpimarratu du "jazarpena, intimidazioa eta erasoa" edozein egoeratan direla "onartezinak", baina "bereziki unibertsitate esparruan", eta, hortaz, gertatutakoa gaitzetsi beharra dagoela.
Perezek zehaztu du ez dakiela zer den zehazki irakasle horrek sare sozialetan esan zuena. "Delitu izan daitezkeen iruzkinak baldin badira, horren aurkako neurriak hartu beharko dituzte", adierazi du.
Komentario homofobo, sexista edo matxistei buruz esan du, bere ustez, ez direla unibertsitateko ideiekin bateragarriak, jokabide batzuk giza eskubideak eta pertsonen duintasuna urratzera iritsi ahal direlako.
Errektoretzarako hauteskundeak
Perez Iglesiasen aburuz, "egokiena" litzateke EHUko hauteskundeetara bizpahiru hautagai aurkeztea, "proiektu ezberdinak egon daitezen".
Asteon eman dio Euskal Herriko Unibertsitateak argi berdea hauteskunde prozesuari. Dena ondo bidean, azaroaren 26an aukeratuko dute errektore berria, eta bigarren itzuli bat badago abenduaren 3an jakinaraziko dute errektore berriaren izena.