Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Iriartek uste du erabakitzeko eskubideaz EAJrekin Gipuzkoan lortutako ituna "neutralizatuko" duela PSE-EEk
EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen eledunak salatu duenez, EAJk eta PSE-EEk "bi gobernu baleude bezala" funtzionatzen dute. Bestalde, zerga sistemaren erreforman Gipuzkoan erdietsitako adostasuna Araba eta Bizkaira zabaltzea nahi du Iriartek, "sistema justu eta progresiboa lortzeko".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Maddalen Iriarte EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak nabarmendu duenez, erabakitzeko eskubideari buruz EAJrekin Gipuzkoan lortutako akordioa "neutralizatu" egingo du PSE-EEk, koalizio bazkideek "bi gobernu baleude bezala" funtzionatzen dutelako, hainbat gaitan "batak bestea neutralizatuta". Ondorioz, "puntu hil batean geratzen gara", kritikatu du.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatu dute gaur Iriarte, asteon Batzar Nagusietan Politika Orokorreko Bilkura egin berritan. Jeltzaleekin Estatus berriak izan beharko lituzkeenak adostea "erraza" izan dela aitortu du Iriartek, 2018tik jasota baitaude oinarriak —Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean horren inguruko adierazpena itundu zuten EH Bilduk eta EAJk—, eta nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea beharrezkoak direla esan du. Iriarteren esanetan, planteamendu hori aurrera ateratzeko "gehiengoak badaude Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan, Legebiltzarrean eta, esango nuke, udal gehienetan".
Hori horrela, erakundeotan zentzu bereko adierazpenak ez onartzea "oso grabea" irudituko litzaiokeela azpimarratu du. "Inork ez du ulertuko, gero esaten dute politikarekiko desafekzioa dagoela (...) Zer da jokoan dagoena? Eserleku batzuk? Bada eserleku batzuengatik herri honek ez du aurrera egingo", salatu du.
Zerga sistemaren erreforma ere izan du hizpide Iriartek, eta zentzu berean mintzatu da. Horren ustez, "orain tokatzen dena da" Gipuzkoako Batzar Nagusietako lantaldean lortutako akordio politikoa (txostena onartu dute EH Bilduren oniritziarekin) "testu batera eramatea" eta, Arabarekin eta Bizkaiarekin bat eginda, foru araua onartzea. Helburua, nabarmendu duenez, "herritarrek behar duten zerga sistema justu eta progresiboa" ezartzea da. Ildo horretan, erreforma horretan etxebizitza erosteagatik kenkariak "berraztertzearen" alde agertu da. "Oso erosleak izan gara, beste kultura bat sortu behar da horren kontura", azaldu du.
Azkenik, Abiadura Handiko Trena Nafarroarekin nondik lotu behar den galdetuta, EH Bilduko bozeramaileak esan du azpiegitura horren inguruko kudeaketaz hausnartu behar dela. "Izugarrizko akatsa izan da", eta "milioiak gastatu ondoren", Ezkio-Itsason "estazio fantasma bat" geratu ahal dela ohartarazi du.