Politika -
Udal zergak
Gasteizko Udal gobernuak zergak % 6,34 igotzea proposatu du
Zabor-tasaren igoera are handiagoa izango da, Europako zuzentaraua eta hondakinei buruzko Espainiako legea betetzeko. Horien arabera, udalek tasaren bidez finantzatu behar dute zaborra bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren % 100.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu du datorren urterako zergen egitasmoa, eta aurreikusten du tasak % 6,34 igoko direla.
Zabor-tasaren igoera are handiagoa izango da, Europako zuzentaraua eta hondakinei buruzko Espainiako legea betetzeko. Horien arabera, udalek tasaren bidez finantzatu behar dute zaborra bildu, garraiatu eta tratatzeko zerbitzuaren % 100.
Horretarako, hiru tasa ezarri dira, etxebizitzen azaleraren arabera: 83,32 euro 75 metro karratutik beherakoek; 109,94 euro 75 eta 120 metro bitarteko etxeak dituztenek, eta 116,13 euro 120 metro karratutik gorakoek.
Lokal, denda eta bestelako jarduerei dagokienez, proiektuak 330 eta 8.418 euro arteko tartea ezartzen du, jardueraren eta azaleraren arabera.
Udal gobernuaren proposamenak salbuespenak ditu hainbat kasutan, hala nola Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan eta Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzan (lehengo Gainbalioa), eta horiek berdin jarraituko dute.
Beste zerga batzuetan hobariak izango dira, hala nola Ibilgailuen gaineko Zergan (hibridoek eta elektrikoek), eta eguzki-aprobetxamenduko sistemen instalazioen Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ).
Udal gobernuak azaldu du egitasmo honekin kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu nahi dituela, eta gogorarazi du azken lau urteetan ia ez dela inolako aldaketarik egon zerga, tasa eta prezio publikoetan, eta kostuak "nabarmen" igo direla, hala nola zerbitzu horiek emateko behar diren beharginena, azken bi ekitaldietan % 9,5 igo baita.
Udal gobernuaren proposamena aurkeztu ondoren, talde politikoei zuzenketak aurkezteko epea irekiko zaie, igoera urriaren hasieran onartzeko asmoarekin, eta behin betiko bertsioa abenduan.
Oposizioko talde nagusia, EH Bildu, negoziatzeko prest agertu da herritarrentzat fiskalitate "bidezkoagoa eta progresiboagoa" ahalbidetuko duen akordio bat lortzeko.
Aitzitik, PPk uste du Maider Etxebarria alkateak "gasteiztarrei lapurreta fiskala" egin nahi diela.