Politika -

Bilera Moncloan

Eskualdatu gabe dauden transferentzien auzia "azkartzeko" egutegia helarazi dio lehendakariak Sanchezi

Imanol Pradales Espainiako gobernuburuarekin bildu da bi orduz, eta, ondoren, agerraldia egin du batzarraren balorazioa egiteko. Iragarri duenez, Aldebiko Batzorde Iraunkorra urriaren amaieran biltzea adostu dute.

Pradales, agerraldiaren une batean. EITB Media
Pradales, agerraldiaren une batean.
Imanol Pradales lehendakariaren agerraldia, Pedro Sanchezekin bildu ondoren

2:15

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oraindik transferitu gabe dauden 29 eskumenen inguruko egutegi "errealista eta gauzagarria" helarazi dio Imanol Pradales lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, Moncloan egin duten bileran. Horren harira, Gernikako Estatutua 2025erako osorik beteta egotea espero duela esan du lehendakariak.

Bi buruzagiak bi orduz egon dira batzartuta, eta, ondoren, agerraldia egin du lehendakariak hitzorduaren nondik norakoak azaltzeko.

Horren hitzetan, bi gobernuek "agenda eta egutegi partekatu bat" dute, eta bilerak gai horien betetze mailaz hitz egiteko aukera eman die. Horrez gain, aurki egitekoa duten Aldebiko Batzorde Iraunkorra prestatzeko baliatu dute batzarra. Adostu dutenez, urriaren amaieran bilduko da batzordea.

Helarazitako egutegiak "lehen bloke bat ixteko proposamen zehatz bat" jasotzen du, eta transferentzia horiek urtea amaitu baino lehen egon beharko lirateke EAEren esku.

Pradalesen hitzetan, "pausoa bizkortu behar da" transferentzien aferan.

Lehendakariak nabarmendu duenez, "behin Gernikako Estatutuaren auzia itxita", beste garai bati ekin beharko liokete bi gobernuek, "euskal autogobernua eguneratzeko, zabaltzeko eta hobetzeko".

Bestalde, Espainiako Gobernuak onartzen du Gizarte Segurantzaren gaineko eskumenen eskualdaketak (2025. urtean gauzatu beharko litzateke) bere urratsak eta zailtasunak dituela, baina Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako epeak betetzea espero du, Exekutiboko iturrien arabera.

Angel Victor Torres Lurralde Politikako ministroak ere Espainiako Gobernuak 2023ko azaroan PSOEren eta EAJren arteko inbestidura itunean ezarritako epeak betetzeko borondatea azaldu du.

Hala, Sanchezek urriaren amaieran aldebiko batzorde hori biltzeko "konpromisoa" berretsi zuela gogorarazi du, eskumenen transferentzian aurrera egiten jarraitzeko.

Ministroak adierazi duenez, ministerioen txosten teknikoak eta juridikoak behar dituzte, eta, beraz, gai horiek "berezitasunak" dituzte, baina bi gobernuen nahia epeak betetzea dela errepikatu du.

"Egonkortasuna"

Bestalde, eta Sanchezen Gobernuari babesa ematen dion gehiengo ahula hizpide hartuta, lehendakariak lasaitasun mezua helarazi dio buruzagi sozialistari: "Euskadik egonkortasunaren alde jokatuko du". Izan ere, argudiatu duenez, "egonkortasuna ona da euskal herritarrei eragiten dieten gaietan aurrera egiteko".

Horren esanetan, Espainiako presidentea "legealdi luze batekin jarraitzeko gogotsu" ikusi du, Kongresuan izan dituen azken porrotak gorabehera.

Beste gai batzuk ere izan dituzte hizpide. AHTaren kontura, Pradalesek adierazi du Sanchezen konpromisoa jaso duela EAE eta Nafarroaren arteko lotunea zehazteko "falta diren txostenak azkartzeko". Nonbait, Espainiako presidenteak esan dio Oscar Puente Garraio ministroarekin hitz egingo duela horretarako.

Azkenik, Venezuelan atxilotuta dauden bi bilbotarren inguruan, bi buruzagiek adostu dute "hartu-eman zuzena" izatea, eta bide diplomatikoen alde egiteko konpromisoa hartu dute, Latinoamerikako herrialdean dauden pertsona guztien "giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak bermatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua Imanol Pradales