Politika -
Elkarrizketak
EH Bilduren ustez, aurrera egiteko aukera izan daiteke EAJk estatus berriari buruz abiatuko duen bilera-sorta
"Hori da gure nahia, herritarrei poza emateko prestutasun osoa dugu, eta herriak akordio handiak behar ditu", azpimarratu du Otegik Ortuzarren iragarpenaren harira.
agentziak | eitb media
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak baieztatu du koalizioak parte hartuko duela EAJk estatus politiko berriaren inguruan abiatuko duen bilera-sortan, eta azpimarratu du "norabide horretan aurrera egiteko aukera baten aurrean" daudela. "Hori da gure nahia, herritarrei poza emateko prestutasun osoa dugu, eta herriak akordio handiak behar ditu", azpimarratu du.
Otegik horrelaxe erantzun dio Donostian emandako prentsaurreko batean Andoni Ortuzar EAJren presidenteak egindako iragarpenari. Jeltzaleen buruak esan du bilera-sorta abiatuko duela euskal alderdiekin "etorkizuneko autogobernuaz hitz egiten hasteko", horretarako "baldintzak" betetzen direla iritzita, "zailtasunak zailtasun".
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du ez duela eztabaidatuko "gai honen gidaritza herrialdeko lehenengo alderdiari dagokion ala ez, herrialdetzat zer dugun ikusi beharko litzatekeelako, zeren Euskal Herria Bildu da lehen indarra abertzaleontzat. Baina berdin dio, haiek hartu dute ekimena, eta onartu egin dugu". Hala, bilera-sortan parte hartzeko prest agertu da.
Ortuzarrek "alderdi politikoen tenperatura neurtu" nahi duela eta, Otegik esan du berak jeltzaleena jakin nahi duela, koalizioarena "ondo argi" dagoelako.
"Aurrera egiteko urik ba ote dagoen" ere ikusi nahi omen du EBBren presidenteak, eta Otegik gogorarazi dio Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Parlamentuan "75 ordezkaritik 55ek" defendatzen dutela nazioaren ideia eta erabakitzeko eskubidea.
"Hiru lurralde horietan, udal guzti-guztiek pentsatzen dute erabakitzeko eskubidea dugun nazioa garela. Aldundietan, gehiengo erabat osoak uste du nazioa garela eta erabakitzeko eskubidea dugula. Eta herri honetan, gehiengo sozialak, kulturalak eta sindikalak berdin pentsatzen dute. Ura nahi adina, ura badago", berretsi du.
Nafarroaren kasuan, Arnaldo Otegik uste du "gauza berbera" egin beharra dagoela, EH Bilduk "guztiz errespetatzen baitu nafarren nahia", eta euren burua "nabarristatzat" dutenei esan die nafarrek "guztiaz" erabaki behar dutela, "ez apur bat bakarrik, tartean gainerako euskal lurraldeekin izan nahi duten harreman eredua, nahi izatekotan".
Azkenik, Otegik esan du "deigarria" dela "oposizioak galderak egitea eraso gisa hartzea", Ortuzarrek EH Bilduri Legebiltzarreko galderak Eusko Jaurlaritzaren aurka "politikoki oldartzeko" erabiltzea leporatu baitzion.