Politika -

Bilera

Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Konbenioa "errespetatzea" eskatu dute Pradalesek eta Chivitek

Bi agintariek egin duten aldebiko lehen bileran, EAEko eta Nafarroako finantzaketa-sistemak defendatzeko eta sistema horiek jasotzen dituzten "oinarririk gabeko erasoen" aurrean "pedagogia egiteko" konpromisoa agertu dute.

Maria Chivite eta Imanol Pradales, gaur. Argazkia: EFE
Maria Chivite eta Imanol Pradales, gaur.
Maria Chivitek Imanol Pradales hartu du Iruñean

0:22

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantzaketa sistemari buruzko eztabaida zabaltzeko premia egon badagoela aitortu ondotik, EAEko Kontzertu Ekonomikoari eta Nafarroako Konbenio Ekonomikoari "errespetua" eskatu dute Imanol Pradales lehendakariak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak.

Lehen aldiz bildu dira gaur bi agintariok, eta mahai gainean izan dituzten gaien artean, azken asteotan zeresana ematen ari diren finantzaketa eredua eta Abiadura Handiko Trenaren lanak egon dira. Halaber, bi erkidegoek 2021ean izenpetutako lankidetza protolokoa ere berrikusi dute. Topaketa Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusian izan da, Iruñean, 12:00etan. Ondoren, hedabideen aurrean azaldu dituzte bileran hitz egindakoak.

Chivite izan da hitza hartzen lehena. Finantzazioaz esan du EAEko zein Nafarroako sistemak Estatuko "gainerako erkidegoekin solidarioak" direla, eta gaiari buruzko eztabaida berriro azaleratzen ari den garaiotan, "pedagogia" egitearen garrantzia nabarmendu du. 

Pradalesek, bestalde, bi sistemen "berezitasuna, elkartasuna eta kudeaketa zorrotza" azpimarratu ditu, eta, era berean, "Estatuan ikusten ari garen demagogia eta populismo gero eta ugariagoa" arbuiatu ditu. Hitzarmenaren eta Kontzertuaren aurkako erasoak "funtsik gabekoak" dira, bere hitzetan. "Konstituzioak babesten duen, blindatzen duen eta Europar Batasunak berak balioztatzen duen" finantzaketa ereduak direla erantsi du.

AHTari buruz, berriz, biek ala biek esan dute azpiegitura estrategikoa dela bi erkidegoen etorkizuneko erronketarako, eta Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioari beharrezkoak diren txosten teknikoak "lehenbailehen" egiteko eskatu diote.

Horren harira, Chivitek erantsi du EAE eta Nafarroako arteko lotuneak "zentzua" izango duela, baldin eta Zaragozaraino iristen bada. Pradalesek, berriz, berretsi du gaiari buruzko erabakia hiru erakundeek —Espainiako Gobernuak, Nafarroako Foru Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak— hartu eta landu beharko dutela.

Chivitek eta Pradalesek AHTaren txosten teknikoak lehenbailehen prestatzeko eskatu diote Garraio Ministerioari
Chivitek eta Pradalesek AHTaren txosten teknikoak lehenbailehen prestatzeko eskatu diote Garraio Ministerioari
Chivitek eta Pradalesek AHTaren txosten teknikoak lehenbailehen prestatzeko eskatu diote Garraio Ministerioari

1:34
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Imanol Pradales