Politika -
Nafarroa
Maria Echavarri Iruñeko Udaleko zinegotziak (UPN) dimisioa eman du
Ohar bidez azaldu duenez, alderdian zein udal taldeko bere egoera aldatu egin da eta ez omen du "modu egokia topatzen ekarpena egiten jarraitzeko". Ibarrolak UPN zuzentzen duenetik hirugarren dimisioa da Echavarrirena.
Agentziak | EITB Media
Maria Echavarri orain arte Iruñeko Udalean UPNren zinegotzia zenak dimisioa aurkeztu du gaur, ohar bidez jakinarazi duenez.
Echavarrik bost urte zeramatzan Iruñeko Udalean. Buruzagi erregionalistak dio aldatu egin dela alderdian zein udal taldean zuen egoera. "Ez dut modu egokia topatu alderdiari, alderdikideei eta iruindarren bizimodua hobetzeko lanean ekarpena egiten jarraitzeko", aitortu du.
Hori horrela, "azken hilabeteotan gogoeta pertsonala" egin ostean, ebatzi du udalean lan egin beharreko garaiak "amaitu" behar zuela. "Zentzuzkoena eta koherenteena dela uste dut, pauso bat atzera egin eta nire lana egin dezakeen beste pertsonen esku uztea", erantsi du. Halaber, aurrerantzean sektore pribatuan —abokatua da— jardungo duela iragarri du.
Echavarrik erantzukizuneko postuak izan ditu UPNren aurreko bi udal gobernuetan. Enrique Maya alkate zela, Zerbitzu Orokorren zinegotzi izan zen. Cristina Ibarrolaren agintaldi laburrean, egiteko horri Urbanismoa, Etxebizitza, Osasuna, eta Proiektu Estrategikoak, Mugikortasuna eta Jasangarritasun sailak ere batu zitzaizkion.
Ibarrola UPNren buru denetik, hirugarren dimisioa da. Uda honetan bi parlamentarik utzi dute kargua: Iñaki Iriartek eta Maria Jesus Valdemorosek.