Politika -
Katalunia
Puigdemontek Llarena salatu du, BJKNaren aurrean amnistiari buruzko helegiteak atzeratzea egotzita
Salaketaren arabera, epaileak "disziplina arau-haustea egin du", Prozedura Kriminalaren Legean zehaztutako epea "asko luzatu" eta "behin eta berriz urratzeagatik".
agentziak | eitb media
Carles Puigemontek salaketa aurkeztu du Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurka, haren abokatuaren bidez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) aurrean, amnistia legea ez aplikatzea erabaki ostean Puigdemontek aurkeztutako helegiteak ez aztertu eta, "behin eta berriz, eta justifikaziorik gabe, luzatzeagatik".
Uztailaren 1ean Llarenak ukatu zuen Puigdemonti, Toni Comini eta Lluis Puigi egotzitako delitua (dirua bidegabe erabiltzea) barkatzea, eta atxilotze aginduak indarrean mantzentzea erabaki zuen. Ondoren, erabaki horren aurrean helegitea aurkeztu zuten abokatuek, Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak.
Gonzalo Boye abokatuak aurkeztutako idazkian jasota dagoenez, EFEren arabera, epaileak "disziplina arau-haustea egin du", Prozedura Kriminalaren Legean horren moduko errekurtsoen kasuetarako zehaztutako epea "asko luzatu" eta "behin eta berriz urratzeagatik".
Puigdemonten abokatuaren arabera, erreforma errekurtsoak jartzeko datak kontuan hartuta, "duela hilabete baino gehiago ebatzita egon behar ziren", eta ez da hala izan, "eta hori justifikatzen duen arrazoirik ez dagoela ematen du".
Gainera, "inguruabarrak bereziki larriak" direla uste du, amnistia legea lehentasunez eta presaz izapidetu behar delako, eta horrek aurkeztutako helegiteei eragiten die, are gehiago epailearen ebazpenek Puigdemonten eta gainerako auzipetuen zirkulazio askatasuna murrizten dutenean.