Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Irailaren 5erako deitu du Jaurlaritzak osasun ituna adosten hasteko lehen bilera

Pradalesek iragarri du deialdia, Gobernu Bileraren ondorengo agerraldian. Gernikako Estatutuan jasota dauden eskumenen inguruan, berriz, joan den astean Pedro Sanchezekin izandako bilerak "trasferentzien erritmoa" bizkortzeko balioko duela esan du.

Eusko Jaurlaritzak bilera deitu du irailaren 5erako, Osasun Itunari bide emateko

0:18

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Herriaren azterketa partekatua egitea zen helburua eta eragile guztiek modu positiboan erantzun diote gure deiari. Prestutasun osoa erakutsi dute eragile guztiek. Hori da nik aste guzti hauetan sentitu dudana". Hitzokin laburbildu du Imanol Pradales lehendakariak eragile sozialekin azken asteotan izandako bilera-sorta. Hori bai, nabarmendu du "jarrera horrek jarraipena" izan behar duela, gizarteak "zaratatik aldetzea eskatzen digulako". "Gure helburua ez da izan argazki bat ateratzea. Erronka erraldoiak ditugu parez pare eta eragile guztien ekarpena beharrezkoa da erronka horiei herri mailako erantzunak emateko".

Hala, osasunaren inguruko herri-ituna lortzeko bideari lehenbailehen ekitea dela asmoa nabarmendu du, eta zentzu horretan, iragarri du Alberto Martinez Osasun sailburuak irailaren 5erako deitu duela lehendabiziko bilera eragileekin, itun hori  adosten hasteko. "Garai berri batean" gaudela iritzi dio Pradalesek, eta "elkarlanerako eta akordiorako" aukerak ikusten ditu. 

Osakidetzaren egoeraren eta premien inguruko diagnosia aurkeztuko du Osasun sailburuak aurreneko batzar horretan, ondoren eragileen ekarpenak jasotzeko. Eta aurrez iragarri bezala, epe bat ere jarriko dute mahai gainean: sei hilabeteko epean nahiko luke Jaurlaritzak ituna.

Joan den astean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin izandako bileraz ere aritu da lehendakaria. Azaldu du mezu argi bat helarazi ziola gobernuburu sozialistari: Gernikako Estatutua osorik betetzeko eta estatus berri baterako akordioa lantzeko konpromisoa.  Zentzu horretan ere, ziur agertu da Pradales  aro berri batean gaudela, eta udazkenetik aurrera "eskumen berriak Euskadira" eskualdatuko diren itxaropena agertu du. "Transferentziei dinamika eta erritmo berri bat emateko aukera eman zigun Sanchezekin izandako bilerak, eta horri eutsi behar zaio".

Hala, gaur Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu sailburuak, Madrilen, Angel Victor Torres Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroarekin duen bilerak emaitzak emango dituela espero du Jaurlaritzako buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Osakidetza EAJ-PNV Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza berriak Confebask albisteak Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Azken ordukoa Imanol Pradales