Politika -
Hauteskundeak
Itxi dituzte hauteslekuak Frantzian, parte-hartze handia izan duen hauteskunde-egun baten ostean
Parte-hartzea % 59,71koa izan da 17:00etarako, azken 40 urteetako handiena; duela bi urteko hauteskundeetan, parte-hartzea % 38,11koa izan zen ordu horretarako. Pirineo Atlantikoetan, boto-emaileen % 63,18k eman dute botoa 17:00etarako.
agentziak | eitb media
20:00etan puntu-puntuan itxi dituzte hauteslekuak Frantziako Estatuan, hauteskunde-egun lasaia eta parte-hartze handikoa izan ostean.
Frantziako hauteskunde legislatiboen bigarren itzulian izandako parte-hartzeak goian jarraitu du 17:00etan, ordurako botoa emana baitzuten hiru hautesletik bik (% 59,71), Barne Ministerioaren datuen arabera, eta, eguerdian bezala, hauteskundeen lehen itzulian ordu horretarako izan zen parte-hartzearen datua hobetu da.
1981eko hauteskundeetatik parte-hartzeari dagokionez izandako daturik onena da, Barne Ministerioak jakinarazi duenez; duela bi urteko hauteskundeetan, parte-hartzea % 38,11koa izan zen ordu horretarako.
Lehen itzulian 17:00etarako izandako parte-hartzearen antzeko datua da oraingoa, aurrekoan boto-emaileen % 59,39k eman baitzuten botoa ordu horretarako.
Pirineo Atlantikoetan, boto-emaileen % 63,18k eman dute botoa 17:00etarako.
Frantziako hauteskunde legislatiboetako bigarren itzuliko parte-hartzea % 26,63raino iritsi da eguerdian, Barne Ministerioaren datuen arabera, eta lehenengo itzulian baino handiagoa izan da. Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetan, parte-hartzea % 30,59koa izan da eguerdirako.
Lehenengo itzulian, parte-hartzea % 25,9ra iritsi zen eguerdian, eta 2022an, ordu horretarako, % 18,43koa izan zen lehenengo itzulian eta % 18,99koa bigarrenean.
Gabriel Attal egungo lehen ministroak goizean eman du botoa, baita Eric Ciotti errepublikano kontserbadoreen buruak ere.
François Hollande presidente ohi eta Fronte Popular Berriaren ordezkaria ere goizetik joan da botoa ematera.
Parte-hartze handiak agerian utzi du Frantziako Estatuko herritarrentzat hauteskundeok zein garrantzitsuak diren, lehenengo aldiz eskuin-muturrak garaipena lortu eta boterea eskuratu bailezake.
Bestalde, Euskadin bizi diren frantziarrak ere joan dira bozkatzera. Bilbon, Frantses Institutuan jarri dute hauteslekua.