Politika -
Hauteskundeak
Ireki dituzte hauteslekuak Frantziako Estatuan, eskuin-muturraren eta "koalizio handia"ren arteko lehian
Inkestek baztertu egin dute Bilgune Nazionalaren garaipena, Le Penek itxaropenari eusten badio ere, eta gainerako alderdiak RNri aurrea hartuko liokeen koalizioa osatzen ahalegintzen ari dira.
agentziak | eitb media
Frantziako hauteskundeen bigarren itzulia Marine Le Penen Bilgune Nazionala eskuin-muturreko alderdiaren eta horri aurrea hartzeko gainerako alderdiek osatu nahi duten "koalizio handia"ren arteko lehia izango da, eta jada ireki dituzte hauteslekuak.
Igande honetako bozketaren aurretik 200 bat hautagaik (ezkerrekoak eta Macronen ingurukoak gehienak) botoa sakabanatzea galarazteko eta eskuin-muturraren gehiengo osoa zailtzeko asmoz hautagaitzari uko egin ostean, bi aldeen lehiak argia dirudi.
Hain zuzen ere, hautagaiek uko egin ostean zabaldutako lehenengo inkestaren arabera, Bilgune Nazionala (RN) gehiengo osotik urrun geratuko litzateke, eta horrek indarra eman die gainerako alderdiei.
Harris Interactivek zenbait komunikabiderentzat egindako inkestak 190-220 diputatu ematen dizkio RNri, Asanblea Nazionalean gehiengo osoa (289) lortzetik urrun.
Fronte Popular Berria (NFP) ezkertiarrak 159-183 diputatu lortuko lituzke, macrondarrek 110-136, eta errepublikano kontserbadoreek 30 eta 50 artean. Gainerako diputatuak beste alderdi batzuen eta hautagai independenteen esku geratuko lirateke.
Emmanuel Macron presidentearen zentro-eskuinean lanak dituzte hautesleei Frantzia Intsumisoarekin (LFI) ez dutela gobernatuko ziurtatzen. Duela gutxi arte eskuin-muturraren pare jartzen zituen Macronek Melenchonen alderdiko hautagaiak.
Macronek berak Ministroen Kontseiluan hitzeman omen du ez duela LFIrekin gobernatuko.
"Koalizio handia"ren zehaztasun eza
Batzuek "koalizio handia" eta beste batzuek "behin-behineko gobernu" edo "fronte errepublikano" deitzen diotena RN boterera ez iristeko proiektua da, RN ez beste alderdi nagusi guztiek osatuko luketena, baina bigarren itzulian alderdi bakoitzak lortzen duen indarra ikusi arte, badirudi ez dutela xehetasunetan sartu nahi.
Fronte Popular Berriak uste du lehen ministroa alderdi horretakoa izan beharko litzatekeela, NFP izango delako diputatu gehien lortuko dituena, RNren atzetik, baina Macronen jarraitzaileek egungo presidentearen pisua baliatu nahi dute Presidentetza eurenganatzeko.
Bitartean, RNk (garaipen partziala ziurtatua du) gehiengo osoa lortzeko aukeran sinesten du oraindik. Le Penek esan du hori lortzeko "konfiantza handia" duela, "frantziarrek aldaketa nahi dutela erakutsi dutelako".
Bi hautagaien artean
Asteartean hautagai askok uko egin ostean, bigarren itzulian 405 diputatu bi hautagairen artean erabakiko dira (RN eta beste alderdi batekoa izango da gehienetan).
Beste 89 eserleku hiru hautagairen artean erabakiko dira, eta 2 diputatu, lauren artean.
EAJ eta EH Bai
Iparraldeari dagokionez, EH Baik Fronte Popular Berriaren aldeko botoa eskatu du, eta EAJk, eskuin-muturraren aurka egiteko. Hala, VI. barrutian adibidez, jeltzaleek EH Baiko hautagaiaren aldeko botoa emango dute.