Politika -
Eusko Jaurlaritza
Hauek dira Pradalesen exekutiboa osatuko duten sailburuak
Eusko Jaurlaritza berriak 15 sail izango ditu, Lehendakaritzaz gain. Horietatik hamar EAJk kudeatuko ditu, eta beste bostak PSE-EEk.
EITB Media
Lehendakari karguari goizean zin egin ondoren, gobernu berria osatuko duten sailburuen izenak eman ditu ezagutzera Imanol Pradales lehendakariak. 15 gizon eta emakumek osatuko dute exekutibo berria:
Ibone Bengoetxea Otaolea (Bilbo, 1967) lehen lehendakariordea izango da. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika saila zuzenduko du.
Psikologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean.
2021etik EITBko Zuzendari Gerentea da, eta aurretik hainbat kultur erakundeetako buru izan da, hala nola, Arriaga Antzokikoa eta Bilbao Musikakoa, eta Kulturaren Euskal Kontseiluko kide ere izan zen, baita hainbat patronatu eta kultur elkartetako kide ere.
2003an hasi zuen ibilbide politikoa Bilboko Udalean EAJko zinegotzi gisa, eta Zirkulazio eta Garraio zein Kultura eta Hezkuntza zinegotzia izan zen. 2011tik 2015era, EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko buru izan zen. 2015 eta 2021 artean, Administrazio Publikoko eta Erakunde Harremanetako foru diputatua izan zen, eta hainbat arlotako ardura izan zuen; hala nola, udal harremanak, giza baliabideen kudeaketa, eraldaketa digitala eta gobernu irekia.
Mikel Torres Lorenzo (Portugalete, 1970) izango da bigarren lehendakariordea. Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren ardura izango du.
Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean, Enpresa, Langileen eta Giza Baliabideen Zuzendaritza espezialitatea egin zuen. BIC Bizkaia Ezkerraldean Enplegu, Prestakuntza eta Enpresa Proiektuen Garapeneko zuzendari gisa eta Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean irakasle gisa lan egin du.
Portugaleteko alkatea izan da 2008tik 2024ra, eta Bizkaiko PSE-EEko (PSOE) idazkari nagusia 2014tik. Beste kargu batzuk ere bete ditu eremu publikoan: Bilboko Portuko Administrazio Kontseiluko kide izan, Garraio Partzuergoko presidente eta Metro Bilbaoko presidenteorde ere bai.
Noël d´Anjou Olaizola (Irun, 1975) ere gobernu berriko kide izango da. Ogasun eta Finantza Saila gidatuko du irundarrak.
Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, Finantza Arriskuen Kudeaketan Executive masterra du BME Institutuan, eta Zuzendaritza Orokorrean aditua da Deusto Business School-en.
Ibilbide luzea du finantza eta banku-sektorean. Credit Agricole Indosuez Taldean finantza-aholkulari gisa hasi zuen ibilbide profesionala. 2014tik hainbat rol bete ditu Kutxabanken, finantza-zerbitzuen kudeaketan eta garapenean. 2023tik Txikizkako Negozioaren Garapeneko zuzendari da, eta 2024ko martxoaz geroztik, Norbolsa Sociedad de Valores y Bolsa SAko kontseilaria ere bada.
Maria Ubarrechena Cid (Urretxu, 1980) izango da Jaurlaritzaren bozeramailea. Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernu sailburua ere izango da.
Deustuko Unibertsitatean Humanitateetan eta Enpresan lizentziaduna, IVAPen bidez Lidergoan eta Zuzendaritza Gaitasunetan eta Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren Gobernantza Ireki eta Kolaboratiboan prestakuntza du.
Arrasateko alkate EAJren eskutik (2015 – 2023), Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari eta orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu izan da.
Marketing eta Esportazio sailetan hasi zen lanean enpresa pribatuan eta Goizper Group kooperatiban ere aritu zen.
Mikel Jauregi Letemendiak (Zarautz, 1974) Industria, Trantsizio energetikoa eta Jasangarritasuna zuzenduko ditu.
Soziologian lizentziatua da, Industria Harremanetan espezializatuta, Deustuko Unibertsitatean (1997), eta London School of Economics-en masterra egin zuen.
20 urtetik gorako esperientzia globala du energiaren sektorean, eta Erresuma Batuan, AEBetan, Errusian, Angolan edo Brasilen lan egin du. Orain arte Erresuma Batuan lan egiten zuen Centrica Plc-eko zuzendari gisa, Europako hainbat herrialdetan elektrizitatea sortzeko, hidrogenoa sortzeko eta berriztagarriak optimizatzeko proiektuak kudeatzen. 2020tik 2022ra, BP Plc-en (lehen BP British Petroleum) lan egin zuen gasaren eta berriztagarrien dibisioan, dibisio berriaren integrazioaren eta itsasoko energia eolikoa eta hidrogenoa hazteko eredu operatiboaren diseinua zuzenduz.
Eguzki-energia garatzeko Europako eta AEBetako enpresa nagusietako baten administrazio-kontseiluko kide ere izan da (2019-2022).
Bingen Zupiria Gorostidik (Hernani, 1961) gobernuan jarraituko du baina Kulturako buru izatetik Segurtasun sailburu izatera igaroko da.
Filosofia eta Letretan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean (1984), eta Kooperatiba Enpresen Zuzendaritzan masterra egin zuen Otalora Institutua - Mondragon Unibertsitatean (MBA 2002).
Ibilbide luzea egin du komunikazioaren arloan: Euskal Telebistan Albistegi Zerbitzuetako erredaktore buru gisa hasi zen (1983 – 1989), eta Euskal Telebistako (1999-2009) eta DEIA egunkariko (2012-2016) zuzendari izan da. Eusko Jaurlaritzako Prentsa Bulegoko zuzendari eta Lehendakaritzako komunikazio-arduradun ere izan zen Jose Antonio Ardanza lehendakariarekin (1989-1999).
2016ko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu kargua hartu zuen eta bi legegintzaldi egin ditu karguan.
Begoña Pedrosa Lobatok (Areatza, 1975) zuzenduko du Hezkuntza saila hemendik aurrera.
2020tik 2024ra, Hezkuntzako sailburuordea izan da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean. Aurretik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen Mondragon Unibertsitatean (2014-2020), non irakasle eta ikertzaile gisa ere lan egin zuen 2002tik 2014ra.
Hizkuntzalaritza Aplikatuan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Bikain Cum Laude kalifikazioarekin eta Nazioarteko Aipamenarekin 2011n. Gainera, Urbana-Champaign-eko Illinois-eko Unibertsitatean Master of Arts bat (1999), Deustuko Unibertsitatean Filologia Ingelesean Lizentziatura bat (1997), Mondragon Unibertsitatean MBA bat (2017), UPV/EHUn Ikasketa Aurreratuen Diploma bat (2008) eta Deustuko Unibertsitatean Gaitasun Pedagogikoaren Ziurtagiri bat (1997) ditu.
Denis Itxaso Gonzalezen (Donostia, 1975) ardurapean izango da Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburutza.
Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua (UPV-EHU) da eta Enpresen Kudeaketa eta Administrazioan Masterra du.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari izan da 2020 eta 2024 artean.
Donostiako Udalean hasi zuen bere ibilbide politikoa PSE-EErekin. 2003-2011 tartean Ingurumenarekin, Kulturarekin, Turismoarekin, Garapen Lankidetzarekin, Kirolekin eta Gazteriarekin lotutako politikak kudeatu zituen. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundian (2015-2020), Kultura, Kirol, Turismo, Gazteria eta Lankidetzako ardurak hartu zituen.
Alberto Martinez Ruiz (Trapagaran, 1964) izango da Osasun sailburu berria.
Euskal Herriko Unibertsitatean Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua, Anestesiologian eta Bizkortzean espezializatu zen. Medikuntzan doktorea da EHUn (2013), eta Zentro eta Zerbitzu Sanitarioen Zuzendaritza eta Kudeaketa Masterra du unibertsitate berean (1999-2001).
Bere ibilbide profesionalean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologia, Bizkortze eta Minaren Terapia Zerbitzuko burua izan da 2002tik gaur arte, eta Kirurgiako irakasle agregatua EHUko Medikuntza Fakultatean. Minaren Terapia, Bizkortze eta Anestesiologiako Euskal Herriko eta Errioxako Elkarteko (SVNRARTD) buru eta Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiako (ACMB) Anestesia eta Bizkortze Saileko buru ere izan da orain arte.
Bokala da, halaber, Bizkaiko Sendagileen Elkargoko Deontologia Medikoko Batzordean eta Anestesia eta Bizkorketako Espainiako Elkarteko (SEDAR) Zuzendaritza Batzordean.
Nerea Melgosa Vegak (Gasteiz, 1970) Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren saila zuzenduko du.
Soziologian eta Zientzia Politikoetan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Baliabideetan masterra egin zuen Bartzelonako EADA Negozio Eskolan. Kooperatibetan espezializatzeko ikastaroak ere egin ditu Deustuko Unibertsitatean, Merkatu Ikasketak UNEDen eta Genero Berdintasuna lortzeko Tokiko Gobernantza Demokratikoari buruzkoa ere bai (2022ko uztaila).
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan da 2023tik. 2019tik 2020ra, Berdintasunerako eta Giza Eskubideetarako zuzendari izan zen Arabako Foru Aldundian. Bere udal-esperientzia Gasteizen hasi zuen EAJko zinegotzi gisa: Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren eta Bizikidetzarako eta Aniztasunerako Zerbitzuaren eta Gizarte Politiken arloetako buru izan zen.
Susana Garcia Chueca (Donostia, 1969) Mugikortasun Jasangarrirako sailburua izango da.
Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Hainbat kargu izan ditu PSE-EEren egituran. Besteak beste, Gipuzkoako exekutiban Gizarte Politika eta Berdintasun Idazkaritzan izan zen 2022ra arte, eta, ondoren, Azterlan eta Programen Idazkaritzan.
1995etik 1998ra enpresa pribatuan lan egin zuen, 1999an Donostiako Udalean Gizarte Ongizateko eta Berdintasuneko zinegotzi gisa politika instituzionalean sartu arte. 2003an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan sartu zen prokuradore-batzarkide sozialista gisa, eta kargu horretan aritu da gaur egun arte. Gainera, 2010ean Ogasun zinegotzigoa hartu zuen.
Juan Ignacio Iñako Perez Iglesiasen (Salamanca, 1960) esku egongo da Zientza, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
Fisiologiako katedraduna, EHUko errektore izan zen 2004-2008 epean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da eta Akademia horretako presidente ere izan da (2020-2024).
Gaur egun, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da (2010-2024), eta Donostia International Physics Centereko kidea ere bai 2014tik.
2019an Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria jaso zuen.
Unibertsitatearen esparruan, hainbat kargu izan ditu; hala nola, Euskara errektoreordea izan da (1997-2000) eta Animalien Biologia eta Genetika Saileko zuzendari ere bai (2001-2003).
Javier Hurtado Dominguez (Madrid, 1981) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua izango da berriz ere.
Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (UAM). Nazioarteko programa bat osatu zuen Sciences-Po Parisko Ikasketa Politikoen Institutuan, eta praktika juridikoko prestakuntza Arabako Abokatuen Elkargoko Praxedes Ochoa Praktika Juridikoko Eskolan garatu zuen.
2020ko irailaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu izan da, eta, berriki, Lan eta Enpleguko sailburu ardurak ere bere gain hartu ditu.
2019 eta 2020 bitartean, Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren diputatua izan zen. 2009 eta 2011 artean, Sustapen Ministroaren Kabineteko zuzendari nagusia izan zen Espainiako Gobernuan, eta ADIFeko Estatuko Portuen Kontseilu Errektoreko eta Administrazio Kontseiluko kide.
Bere ibilbide profesionalean abokatu gisa jardun du, bere kontura, eta IUSLAB bulegoarekin lankidetzan.
Amaia Barredo Martinek (Donostia, 1970) Elikadura, Landa Garapena eta Arrantza Saila zuzenduko du.
Elikagaien Zientzia eta Teknologian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean (1988-1992) eta MBA egin zuen Enpresen Zuzendaritza eta Kudeaketan unibertsitate berean (2009-2011).
2023ko uztailaz geroztik, Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Ingurune Naturaleko diputatua da. Lehenago, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea izan zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean (2020ko urria - 2023ko uztaila). Halaber, Mugikortasuneko eta Espazio Publikoko zinegotzia izan da Gasteizko Udalean (2019ko uztailetik 2020ko irailera) eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza zuzendaria (2015eko abuztutik 2019ko ekainera).
Elikagaien kalitatearen arloan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendari eta Kalitatea Fundazioko Eusko Labeldun Produktuen Kontrol eta Ziurtapeneko zuzendari izan da. Elikagaien Kalitatearen Euskal Labelaren Kontseilu Arautzailean ere lan egin zuen Product Manager gisa.
Maria Jesus San Jose Lopezek (Sestao, 1966) Justizia eta Giza Eskubideen Saila zuzenduko du.
Zuzenbidean lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean. Gaur egun, Eusko Legebiltzarreko XIII. Legegintzaldiko legebiltzarkidea da, eta, aurretik, XII. Legegintzaldiko legebiltzarkidea. Bertan, Berdintasun, Justizia eta Giza Eskubideen Batzordeko kide gisa jardun zuen.
2016 eta 2020 artean, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburu izan zen, eta, aurretik, Arabako Foru Aldundiko Funtzio Publikoko zuzendari. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria izan da (2009-2012). Gainera, euskal administrazioaren barruan aholkularitza juridikoan eta lan-harremanetan bitarteko funtzionario gisa lan egin zuen 13 urtez, Justizia arloan.
Arabako PSE-EEko exekutibako kidea da, eta Berdintasun eta Memoria Demokratiko eta Bizikidetzarako idazkaritzak gidatzen ditu.