Politika -

Espainiako Gobernua

Israel aitortzea proposatuko die gaur Sanchezek eta Albaresek Konferentzia Islamikoko ministroei Madrilen

Palestina estatu gisa ofizialki onartu ondoren, Mohamed Mustafa Palestinako lehen ministroaz gain, Liga Arabiarrak eta Konferentzia Islamikoaren Erakundeak sortutako Gazarako harremanetarako taldea osatzen duten ministroetako batzuk iritsiko dira Madrilera.

Sanchez eta Albares buruzagi arabiarrekin, gaur Moncloan. EFE
Sanchez eta Albares buruzagi arabiarrekin, gaur Moncloan.
Sanchez eta Albares buruzagi arabiarrekin, gaur Moncloan. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Jose Manuel Albares Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak Konferentzia Islamikoko herrialdeetako ministro talde bat hartuko dute asteazken honetan Madrilen. Bilera horretan, oraindik egin ez dutenek Israel aitortzeko beharra defendatuko dute, Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.

Espainiako Gobernuak Palestina estatu gisa ofizialki onartu ondoren, Mohamed Mustafa Palestinako lehen ministroaz gain, Liga Arabiarrak eta Konferentzia Islamikoaren Erakundeak sortutako Gazarako harremanetarako taldea osatzen duten ministroetako batzuk iritsiko dira Madrilera.

Zehazki, Mohamed bin Abdulrahman bin Jassim al Thani Qatargo lehen ministro eta Atzerri ministroa, Ayman Safadi Jordaniako lehen ministrorde eta Atzerri ministroa, Faisal bin Farhan Saudi Arabiako Atzerri ministroa, Hakan Fidan Turkiako homologoa eta Ibrahim Taha Konferentzia Islamikoko idazkari nagusia joango dira.

Iturriek baieztatu dutenez, Gazako gatazkaz gain, Israelgo Estatuaren aitortza egongo da bilerako gaien artean. Gai hori mahai gainean jarri dute Sanchezek eta Albaresek azken hilabeteetan, Mendebaldeko herrialdeek Palestina ere Estatu gisa aitortzearekin batera.

Gaur-gaurkoz, herrialde arabiar gutxi batzuek aitortzen dute Israel Estatu gisa. Horietako bi Egipto eta Jordania dira, bake itunak sinatu baitzituzten orain dela asko. Horiei Donald Trumpen garaian Etxe Zurian sinatutako Abrahamgo Akordioen parte diren herrialdeak gehitu behar zaizkie, besteak beste, Bahrain, Arabiar Emirerri Batuak, Maroko eta Sudan. Arabiarra ez den baina Konferentzia Islamikoko kidea den Turkiak hasieratik onartzen du Israel. 

Albaresek azaldu duenez, bost ministroen bisita "Ekialde Hurbilean bakeari eta egonkortasunari egindako ekarpen guztiagatik Espainiari eskerrak emateko" modu bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel albisteak Palestina Ekialde Hurbila