Politika -

Ustezko ustelkeria

Koldo Garcia eta Salvador Illa, Senatuko eta Kongresuko ikerketa batzordeetako lehen galdekatuak

Pandemian, maskaren salerosketan izandako kontratu irregularren kontura eratutako bi ikerketa batzordeek jardunari ekingo diote. Abalos ministro ohiaren aholkularia Senatuan izango da, baina ez die zertan galderei erantzun beharko, auzipetuta baitago. Kongresuan, Osasun ministro ohia itaunduko dute.

Garcia, epailearen aurrean deklaratu ostean. Artxiboko argazkia: EFE
Garcia, epailearen aurrean deklaratu ostean.
Garcia, epailearen aurrean deklaratu ostean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Garciak, Abalos ministro ohiaren aholkulari izandakoak eta pandemia garaian maskarak salerosketa ustez ustelari izena ematen dionak ("Koldo auzia"), agerraldia dauka gaur Senatuan auzia ikertzeko sortutako batzordean. Modu bertsuan, Kongresuan, Salvador Illa Osasun ministro ohia azalduko da. Goi ganberako ikerketa batzordea PPk hauspotu du; Kongresukoa, aldiz, PSOEk eta bere bazkideek. 

Hainbat saiakeraren ostetik, Senatuak ostegunean atzeman zuen Koldo Garcia, eta 11:00etarako jarri dio hitzordua. Agerraldietara deitutako guztiek bezala, Garciarentzat derrigorrezkoa da batzordearen aurrera agertzea, baina ez die zertan itaunei erantzun behar, Auzitegi Nazionalean haren kontrako auzia baitago zabalik. 

Hala, liteekena da ez erantzuteko eskubideari heltzea, bere defentsa estrategiari kalte ez egiteko. Dena dela, Senatuko taldeetako bozeramaileek galderak bota ahalko dizkiote. 

Garcia Senatuan deituta dagoen ordu berean, Kongresuak Enriqueta Chicano Kontu Auzitegiko presidentea galdekatuko du. Pandemian zehar egindako larrialdi kontratuen fiskalizazioaren berri emango du Chicanok, duela bi aste egindako agerraldian egin zuen moduan. Orduko hartan, hainbat ministeriok (Sustapen eta Osasun ministerioak bereziki), zenbait erkidegok eta enpresa publiko eta erakunde autonomoek sinatutako kontratuen harira egindako zazpi fiskalizazioen xehetasunak eman zituen kontu hartzaileak. 

Ikertutakoaren arabera, enpresa batzuek kontratu ia gehienak eskuratu zituzten, hainbatetan atzerapenak egon ziren, eta irregulartasunak beste batzuetan. 

Illa, Kongresuko protagonista

Arratsaldean (16:00etan), Salvador Illa Kataluniako hauteskundeetan PSCren presidentegai eta Osasun ministro izandakoaren txanda izango da Kongresuan —asteazkenean du zita Senatuan—. Zuzentzen zuen ministerioak sinatu zituen Kontu Auzitegiak aztertutako kontratu gehienak, 513 milioi euroko balioa zutenak. 

Illak une esanguratsuan emango ditu azalpenak, etzi hasiko baita Katalunian hauteskunde kanpaina. Hain justu, kanpaina horretan aurkari izango dituen ERC eta Junt taldeen galderak erantzun beharko ditu buruzagi katalanak. 

Ordu berean, baina Senatuan, Victor Francos Osasun Ministerioko kabinete burua izandakoa galdekatuko dute Senatuan. PPk "Koldo auzia"ren ustezko buruzagiekin izandako hartu-emanei buruz itaunduko dio, eta hori izan ote zen bere karguak galtzeko arrazoia (Ministeriotik aurrena, eta Kirol Kontseilu Nagusitik gero). 

Galdeketei ekin baino lehen, Senatuko eta Kongresuko ikerketa batzordeek euren mahaiak bilduko dituzte, beste agerraldi batzuk deitzeko. Senatuak 63 pertsonaren agerraldiak ditu aurreikusita, baina beste 55 ditu ixteke. Kongresuak, bere aldetik, 134 pertsona galdekatuko ditu, eta "Koldo auzia" ikertzen ari diren fiskalak deitu ahal ez erabaki behar du. 

EH Bilduk eta Juntsek eskatuta, Alejandro Luzon Ustelkeriaren kontrako fiskalburua, Ignacio de Lucas Koldo auzia ikertzen ari den fiskala eta Codruta Kovesi Europako Fiskaltzaren burua Kongresuko ikerketa batzordean azaltzea adostu zuten taldeek. Alvaro Garcia Ortiz Estatuko fiskal orokorrak, baina, fiskalak ez galdekatzea eskatu zuen, eta eskaera horrekin bat egin zuen Espainiako Gobernuak ere. Hala, sozialistek EH Bildu eta Juntsekin negoziatu beharko dute berriro izenok baztertzeko, edo PPren botoa bilatu. 

Bestalde, Senatuak ikertutako auziak zabaltzea erabaki lezake asteon. Hori horrela, "Koldo auziak" Begoña Gomez Pedro Sanchezen emaztearekin edota Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordearekin izandako loturak ere aztergai izatea onar dezake. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak Senatua Maskarak