Politika -
A21
Hauteskunde mahaien 20.000 jakinarazpen ez atzera ez aurrera daude Bizkaian, Correoseko sindikatuen arabera
Sindikatuen hitzetan, posta zerbitzuan deitutako sei lanuzteak banaketan eragiten ari dira. Hauteskunde kanpaina betean 24 orduko greba bat egitekotan dira, gainera. Correosen arabera, jakinarazpenen lehen zatia bidalita dago eta ezarritako datak betetzen ari dira.
EITB Media
CCOO, ESK, CSIF, LAB, UGT eta ELA sindikatuek Bizkaiko Correosen deitutako sei lanuzteek eragina izan dute apirilaren 21eko Legebiltzarrerako hauteskundeen mahaien osaera jakinarazteko orduan, eta 20.000 bat entregatzeke leudeke, sindikatuon arabera.
EAEko 23 udalerritan (tartean daude Bilbo eta Bizkaiko herri handi batzuk, Getxo edo Barakaldo) Correosi dagokio jakinaraztea. Berez, larunbatean bukatu zen epea, baina kasu askotan komunikazioa ez da gauzatu ere egin, betiere sindikatuen hitzetan.
Hala baieztatu dio behintzat Luis Alonso CSIF sindikatuko kideak Radio Euskadiri: "Ez da Bilbon bakarrik gertatu, trabatuta daude jakinarazpenak ditugu Barakaldon, Erandion, Eskuinaldean, Ezkerraldean... Anabasa dugu, eta astebetean jakinarazpen horiek ez dira aterako".
Correosetik diotenez, ordea, lehen bidalketa egina dago, eta udalek bigarren bat agintzeko aukera dute. Euren esanetan, epeak betetzen ari dira.
Izan ere, unitate jakin batzuk indartu dituzte eta jakinarazpenak lehenetsi pakete eta enparauen aurretik.
Langile kopurua handitzea eta "baldintza duinak" eskatzeko lau orduko lanuzteak deitu zituzten sindikatuek. Joan den astean hiru egin zituzten (martxoaren 25, 26 eta 27an) eta asteon beste hiru egunez (apirilak 2, 3 eta 4) egongo dira protestan. Are gehiago, zenbait sindikatu 24 orduko greba egun bat antolatzekotan dira apirilaren 12rako (hauteskunde kanpaina martxan dela).