Politika -
Nafarroa
Iruñeko Udalak aurrekontu berriak ditu, azkenak onartu eta hiru urte geroago
EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin talde politikoek aurrekontuak babestu dituzte, eta UPNk eta PPNk aurkako botoa eman dute. 265 milioi euroko aurrekontuak dira, aurreko urtean baino % 32 gehiago, eta zenbateko handienekoak 2007tik.
Agentziak | EITB Media
Iruñeko Udalak 2024rako aurrekontua onartu du, EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin indar politikoen aldeko botoekin, eta UPNren eta PPNren kontrako botoekin.
265 milioi euroko aurrekontuak dira, aurreko urtean baino % 32 gehiago. 2007tik zenbateko handiena duen aurrekontua da. Sozialistek 3,7 milioiko zuzenketak aurkeztu dituzte.
Abenduaren 28an Cristina Ibarrolari (UPN) aginte-makila kendu zion zentsura-mozioak erabat aldatu du itunen dinamika hirian.
Lehen aldiz, PSNk EH Bilduren hautagai bat babestu du Alkatetzara eramateko, eta aurrenekoz, sozialistek Joseba Asironen aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetu dute, 2015etik 2019ra bitartean Asironi berari oposizio sendoa egin ostean.
Aurreko legealdian, Navarra Sumako (UPN, PP eta Ciudadanos) Enrique Maya hiriko agintari nagusia zela, 2021erako udal kontuak soilik aurrera ateratzea lortu zutenetik egindako lehen aurrekontuak dira, orduan ere PSNren babesarekin.
UPNk 43 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, baina ez dituzte onartu. PPNren aldeko botoa soilik jaso dute, eta gainerako alderdiek erregionalisten zuzenketen kontra bozkatu dute.
Garbiñe Bueno Ogasun zinegotziak nabarmendu du Iruñeak aurrekontu berriak dituela hiria "blokeatuta" egon ostean, "gobernatu duten indarrak ez direlako gai izan" kontu berriak adosteko. "Amaitu dira sektarismoaren, harrokeriaren, kudeaketa faltaren eta irudimen faltaren garaiak. Aro berri batean gaude", azpimarratu du.
Marina Curiel sozialistak "haserrearen, irainaren eta gezurraren diskurtsoa" uzteko eskatu dio UPNri, eta akordioak "elkarbizitzaren oinarria" direla defendatu du.
PPNko Carlos Garcia Adanerok ziurtatu duenez, aurrekontuek "ziurtatzen dute PSNk bere burua Bilduren esku utzi duela eta bere printzipioei uko egin diela" eta "agerian geratzen da akordioa haratago zihoala".
Mikel Armendariz Geroa Baiko ordezkariaren ustez, "egun ona da Iruñearentzat", "akordio, bizikidetza eta aldaketa bide berri bat hasten delako", "hiri erreferente, atsegin eta jasangarri bat" egiteko.
Txema Mauleon Zurekineko ordezkariak Maria Echavarriri esan dio: "Ibarrola zure atzean ezkutatzen da, baina haren diskurtso ernegagarria kopiatzen duzu". Mauleonek erantsi duenez, "zentratuago, hain haserre ez dagoen eta elkarrizketa-zaleagoa den eskuin bat oso ondo etorriko litzaioke herritarrei".