Politika -
IRUÑEA
Iruñeko udal gobernuak eta PSNk akordioa izenpetu dute 2024ko aurrekontuak onartzeko
"Hiruko" exekutiboak eta sozialistek gaur sinatu dute ituna. Hala, 265 milioi euro izango ditu Iruñeko Udalak, 2007tik izandako aurrekontu handiena. EH Bilduren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren ustez, akordioari esker Iruñea "paralisitik aterako da".
Agentziak | EITB Media
Iruñeko udal gobernua osatzen duten taldeek (EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) eta PSNk akordioa erdietsi eta sinatu dute gaur 2024ko aurrekontuak onartzeko.
265 milioi euroko aurrekontua adostu dute lau taldeek, iazko baino heren bat handiagoa eta 2021ean baino % 12 gehiago. 2007tik izandako aurrekontu handiena izango du, horrenbestez, Iruñeko Udalak. Dena ondo bidean, aurrekontu proiektua martxoaren 26an onartuko dute.
Joseba Asiron EH Bilduko alkateak eta Koldo Martinez (Geroa Bai), Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa) eta Marina Curiel (PSN) bozeramaileek sinatu dute gaur, udaletxean. Lau taldeek Cristina Ibarrola UPNko alkatearen kontrako zentsura mozioa adostu zutenetik, bigarren akordio handia da honakoa, eta udal gobernuaren bideragarritasuna bermatzen du.
Aurrekontu akordioaren arabera, 3,7 milioi euro gordeko dira PSNk aurkeztuko dituen zuzenketak finantzatzeko. Trukean, lau indarrek adostutako zuzenketen alde bozkatuko dute, eta adostuta ez daudenen kontra (aho batez kontrakoa onartzen ez badute). Beste taldeek aurkeztuko dituzten osoko zuzenketen kontra bozkatzeko konpromisoa ere hartu du PSNk. Sozialistek prentsaurrekoan azalduko dituzte akordioaren nondik norakoak.
"Iruñea paralisitik ateratzeko"
Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, udal gobernua osatzen duten hiru taldeek bat egin dute esatean akordioari esker "azken urteotako paralisitik" aterako dela Iruñea, eta kontu "sozialak" direla, "hedakorrak".
Joseba Asiron Iruñeko alkatearen hitzetan, "ezberdinen arteko lanaren emaitza" da ituna, eta horren bitartez, "Iruñea paralisi horretatik aterako da". "Ez zen horren zaila", erantsi du. Horren ildoan, azpimarratu du lau indarrek "hiriaren interesak" jarri dituztela "alderdien interesen aurretik".
Azaldu duenez, aurrekontuek osoko bilkuraren % 60ren babesa izango dute, baina iragarri du UPN eta PPN alderdiekin harremanetan jarriko direla, euren babesa bildu asmoz.
Asironek proiektuaren "izaera soziala" nabarmendu du, eta hiru arlotan jarri du azpimarra: auzoetan egingo den lana, trantsizio ekologikoa eta etxebizitza.
Bestalde, Koldo Martinez Geroa Bai taldearen bozeramaileak "poza" adierazi du akordioagatik, eta azpimarratu du oraingoan "errazagoa" izan dela adostasuna, lau taldeak "gogoz" zeudelako eta jakin bazekitelako Iruñeak "aurrekontuak behar zituela".
Ildo beretik mintzatu da Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa) ere. Horren aburuz, zentsura moziotik egindako "bigarren pauso handia" izan da aurrekontuena, "etorkizuneko eta hiriko akordioa" helburu. Kontuek duten izaera soziala aldarrikatu du. Adierazi duenez, "adinekoak eta menpekotasunen bat duten pertsonak artatzeko programa indartuko dute, baita enpleguarekin edo etxebizitzarekin arazoak dituzten gazte eta familiei zuzendutakoak ere".
PSNk, bere aldetik, aurreratu du aldeko botoa emango diela Iruñeko 2024 aurrekontuei. Horrela baieztatu du Marina Curiel zinegotzi sozialistak. Edozein kasutan, azpimarratu du "zorrotzak" izango direla eta lortutako akordioak betetzea exijituko dutela. Bestalde, akordioa "mugarri" bat dela adierazi du, eta agerian gelditu dela "arduraz, zintzotasunez eta konpromisoz jokatuz gero" jarrerak gerturatu eta akordioa lortu daitezkeela.