Politika -

Europako Parlamentua

EH Bildu, ERC, Sumar eta Podemosek adierazpen bat sinatu dute Pablo Gonzalez "berehala" epaitzea eskatzeko

Otsailaren 15ean, Lublingo Apelazio Auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu zuen kazetariaren espetxealdia, eta oraindik ez dute epaitu.

Pablo Gonzalezen aurkako manifestazioa. Argazkia: EITB
Pablo Gonzalezen aurkako manifestazioa. Argazkia: EITB
Pablo Gonzalezen aurkako manifestazioa. Argazkia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduko, ERCko, Sumarreko, Podemoseko eta Anticapitalistaseko europarlamentariek adierazpen bat sinatu dute Pablo Gonzalez "berehala" epai dezatela eskatzeko, 2022ko otsailaren 28tik baitago preso, Errusiaren alde espioitzan aritzea leporatuta.

Otsailaren 15ean, Lublingo Apelazio Auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu zuen kazetariaren espetxealdia, eta oraindik ez dute epaitu.

Asteazkenean bete ziren bi urte kazetaria atxilotu zutenetik, eta zenbait europarlamentarik, Pernando Barrenak (EH Bildu), besteak beste, Free Pablo Gonzalez elkarteak sustatutako adierazpena sinatu dute, presoaren eskubideak "errespetatu" ditzatela eskatzeko.

Maria Eugenia Rodriguez Palop eta Manu Pineda (Sumar), Idoia Villanueva eta Ester Sanz Sela (Podemos), Jordi Sole (ERC) eta Miguel Urban (Anticapitalistas) europarlamentariek ere izenpetu dute adierazpena.

Era berean, Stelios Kouloglou (Greziako Left Party), Clare Daly eta Mick Wallace (Irlandako Independents Change), François Alfonsi (Korsikako RPS), Conerlia Ernst eta Oezlem Demirel (Alemaniako Die Linke), Lydie Massard (Bretainiako UDB) eta Joao Pimenta eta Sandra Pereira (Portugalgo PCP) eurodiputatuek ere sinatu dute.

Salatu dutenez, bi urte bete dira "Poloniako Fiskaltzaren isiltasun eta iluntasun artean", eta Gonzalo Boye defentsako abokatuaren hitzetan, duela astebete hasi dituzte "2022an egin behar izan zituzten izapideak". Gainera, abokatuaren arabera, ez du atxilotuaren espedientea ikusi, eta horrek "ezinezko" egiten du "defentsa ona" prestatzea.

Era berean, adierazpenean azpimarratu dutenez, "ez da bidezkoa inolako azalpen ofizialik gabe behin-behineko atxiloaldia hiru hilean behin berritzea". "Pablo ziega txiki batean dago giltzaperatuta egunean 23 orduz, argi naturalik gabe", gaineratu dute.

"Espainiako eta Europako agintariek bazterrean utzi dute Pablo", salatu dute. "Ez ditzatela gehiago urratu Pabloren eskubideak, eduki dezala seme-alabekin eta familiarekin hitz egiteko aukera, tratu gizatiarra jaso dezala epaiketa egin arte", eskatu dute, eta "errugabetasun presuntzioa eta epaiketa justua" izateko eskubidea aldarrikatu dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ukraina Errusia Epaiketak argazkiak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos bideoak Kazetaritza gaur Oriol Junqueras albisteak Errusia-Ukraina gerra Polonia Euroganbera Yolanda Diazen hautagaitza eta hauteskunde programa