Politika -
''Egun on''
Martinezek "amaitutzat" eman du Sumar eta Elkarrekin Podemosen arteko hautagaitzaren inguruko eztabaida
Atzoko bilera izan zen, horrenbestez, azkena. Martinezen esanetan, "argi geratu da Podemosek beste bide bat hautatu duela", eta horrek balizko koalizio bati ateak itxi dizkio, "konfiantza faltagatik".
EITB MEDIA
Sumarren Espainiako Kongresuko diputatu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari Lander Martinez ETB-1eko "Egun on" saioan izan da gaur, asteazkenarekin, eta bertan baieztatu du bere alderdia ez dela EAEko hauteskundeetan Elkarrekin Podemosekin koalizioan aurkeztuko.
Atzoko bilera izan zen, horrenbestez, azkena. Martinezen esanetan, "argi geratu da Podemosek beste bide bat hautatu duela", eta horrek balizko koalizio bati ateak itxi dizkio, "konfiantza faltagatik".
"Euskal gizarteak dituen arazoak mahai gainean jarri nahi ditugu, gure buruaz hitz egiten aritu beharrean. Podemosek aspaldi aukeratu zuen beste bide bat hartzea, Kongresuan Sumarrekin koalizioa hautsi zuenetik edo Galizian bere aldetik aurkeztea erabaki zuenetik", esan du.
Erabaki horren aurrean, marra gorria zein izan den galdetuta, Sumarreko ordezkariak adierazi du konfiantza ezak ekarri duela, nagusiki, haustura. "Gisa horretako prozesu politikoak sortzeko konfiantza funtsezko elementua da, eta zaila da hori lortzea akordioak betetzen ez direnean", erantsi du.
Zentzu horretan, argitu du "arazo material" bat ere badagoela horren guztiaren atzean. "Nik badut nahi ditudan akordioak egiteko eta sinatzeko autonomia, baina Podemosen kasuan Madrilek agintzen du, eta aspaldi esan zuten handik ez zutela koaliziorik nahi", azaldu du.
Sumarrek aurrera begira dituen asmoek eta lehentasunek ere hartu dute lekua elkarrizketan. Martinezen hitzetan, munduak dituen erronkak dira horietako batzuk, baina halaber, eztabaidaren erdigunean, badituzte beste zenbait helburu ere; zerbitzu publikoen defentsa, adibidez.
Euskadin ziklo politiko berri bat irekitzen ari denaren uste osoarekin, datorren legealdia mamitsua izango dela nabarmendu du. "Sumarrek Euskadin betetzen duen espazio soziopolitikoa existitu egiten da, eta gobernu aurrerakoiak sortzeko ezinbestekoak gara. Euskal herritarren beharrak defendatzen saiatuko gara, eta horretan ekarpen handia egin dezakegu. Jaurlaritzak ez bezala, baditugu ideiak etorkizunari begira", bukatu du.