Politika -

DEIALDI PUBLIKOA

Ertzaintzarako eta 21 udaltzaingoetarako 280 plaza berri deitu dituzte, LEP berri batean

Legealdi honetako laugarren deialdia izango da, eta guztira 2.124 plaza eskaini dira: Ertzaintzako 1.549 eta Euskadiko 53 udalerritako udaltzaingoetako 575.

Ertzaintzaren azken promozioa. EITB Media
Ertzaintzaren azken promozioa
Ertzaintzaren azken promozioa. EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Segurtasun saileko sailburuak eta Esther Apraiz Eudeleko presidenteak Euskal Poliziarako 280 plazako deialdi berria aurkeztu dute gaur goizean. Ertzaintzaren herritarren segurtasunerako eskalarako eta EAEko 21 udaltzaingo eta polizia-zerbitzuetarako plazak dira. Horrez gain, Ertzaintzaren Trafikoko eta Bide Segurtasuneko unitateetan eta ikerketa kriminaleko taldeetan zuzenean sartzeko espezialitatea duten plazak ere izango dira. 

Deialdia bihar, osteguna, argitaratuko da, eta ostiraletik aurrera eskaerak aurkeztu ahal izango dira. Datorren martxoaren 21era arte egongo da aktibo. 

Ertzaintzako eta EAEko udaltzaingoetako agenteak batera hautatu eta prestatuko dituen bosgarren prozesua izango da, eta, modu horretan, "homologatu egiten du haien polizia-prestakuntza eta herritarrekiko arreta", Segurtasun sailak jakitera eman duenez.

Legealdia hasi zenetik, Ertzaintzako eskala guztietako 1.537 agentek hartu dute erretiroa, eta 1.684 gizon-emakume sartu dira oinarrizko eskalan. Segurtasun Batzordean erabakitako 8.000 ertzaineko plantillatik 7.382 zeuden 2020ko irailean, eta, lau urte geroago, 7.765 agente daude Ertzaintzan.

Josu Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, azken lau urtetan deitu den laugarren LEP honek "urrats handia" eman du berdintasunaren alorrean. "Jauzi kualitatiboa zeman da Polizia eta Larrialdietako euskal akademian sartzen diren emekumeen ehunekoan". "Une hauetan, Arkauten sartzen ari diren emakumeen ehunekoa % 37tik gorakoa da, eta sartzeko berdintasuntzat hartzen da kopuru hori % 40ra iristen denean", adierazi du. 

Bestalde, Esther Apraizek balioetsi du LEP bateratuak oso baliagarriak direla horiekin bat egitea erabakitzen duten udalerrientzat. "Izan ere, hautaketa-prozesuak antolatzean baliabideak, langileak eta denbora aurrezteko aukera ematen diete eta, gainera, erabateko segurtasun juridikoa ematen diete udalei", adierazi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza EAE Eguneko albisteak Albisteak Enplegu Eskaintzak 2024