Politika -
Galiziako hauteskundeak
Gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina Galizian, PPk gehiengo absolutuari eutsiko ote dion zalantzarekin
Guztira, 75 diputatu aukeratuko dituzte bozetan. Inkesten arabera, Alderdi Popularrak lau legegintzalditan izan duen gehiengo osoa galtzear luke Alfonso Rueda hautagaiak.
EITB MEDIA
Ostiralean, gauerdiarekin abiatuko da Galiziako hauteskunde autonomikoen kanpaina. Betiko moduan, 15 egun izango dituzte alderdiek boto-emaileei euren asmoak azaldu eta zalantzatiak erakartzeko: hautestontziekin hitzordua otsailaren 18an izango da.
Galiziako alderdi nagusiek (PP, BNG eta PSdeG-PSOE) Lugo, A Coruña eta Santiago aukeratu dituzte kanpainari ekiteko.
Ikuskizun dago Alderdi Popularrak gehiengo osoari eusteko modua izango duen. CIS inkestaren arabera, esaterako, PPk irabaziko lituzke bozak, baina ez gehiengo osoarekin. Ezkerreko blokeak gobernagarritasun aukerak izateko, BNGk eta PSOEk koalizioa osatu beharko lukete, baina boto-estimazioan beheko partean geratuko balira, Sumarren babesa beharko lukete, Diazen alderdiak ordezkaritza lortzen badu behintzat.
Alfonso Rueda Xuntako presidente eta PPren hautagaiak Lugon ekingo dio kanpainari; Ana Ponton BNGko buruzagi eta hautagaiak A Coruña aukeratu du, eta Jose Ramon Gomez Besteiro sozialistak ere Lugo jaioterrian egingo du bere kanpainako lehen mitina.
Marta Lois Galiziako Sumarren hautagaiak O Morrazoko kostaldearen aldeko apustua egin du kanpaina abiatzeko. Isabel Faraldo Podemoseko hautagaiak A Coruñan egingo ditu adierazpenak, eta Alvaro Diaz-Mellak (Vox), Vigon.
Esan bezala, hauteskunde kanpaina otsailaren 2tik 16era egingo dute. Araudiaren arabera, hilaren 12ra arte dago hauteskunde inkestak argitaratzeko.
2,6 milioi galiziar daude deituta bozkatzera, 6tik 1 (ia % 18) atzerrian bizi da. Galiziako Parlamentuak 75 eserleku ditu: 25, A Coruñatik; 14na, Lugotik eta Ourensetik, eta 22, Pontevedratik. Adituen hitzetan, atzerriko botoa erabakigarria izango da.