Politika -
GASTEIZKO UDALA
Gasteizko kontuen negoziazioan taldeek izan duten akordiorako borondatea nabarmendu dute PSE-EEk eta EH Bilduk
Bat etorri dira bi taldeak esatean negoziazioa ate-joka diren hauteskundeen zaratatik aldentzen asmatu dutela, begirada gasteiztarren beharretan jarrita.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Ezustean eta sukalde-lan mardularen ondoren, Gasteizerako 2024ko aurrekontuak onartzeko akordioa adostu zuten atzo bertako Udal Gobernuak —PSE-EEk eta EAJ osatzen dute— eta EH Bilduk. Iazko udal-hauteskundeak eta gero, urak harrotuta zeudela zirudienean heldu da albistea. Koalizio abertzalea izan zen indar bozkatuena bozetan, baina sozialistek eta jeltzaleek bat egin eta, popularren babesarekin, EH Bildu alkatetzara iristea eragotzi zuten.
Urtarrilaren 30era arteko epea zuten akordioa ixteko —egun horretan bozkatuko dira aurrekontuak Osoko Bilkuran— eta azken orduan heldu zen ituna. Biharamunean, Radio Euskadin egindako elkarrizketa banatan, hitzartutakoarekin gustura agertu dira Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen eleduna eta Cristina Gozalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusia. Batak zein besteak hiru taldeek negoziazio prozesu osoan akordiorako izan duten borondatea nabarmendu dute.
Buruzagi sozialistaren hitzetan, Eusko Legebiltzarrerako bozak ate-joka diren honetan, "ahalegin handia" egin behar izan dute. Argi utzi du Gasteizerako egindako ituna dela, "une jakin batean" egindakoa, eta EH Bildu ez dutela bazkidetzat hartzen ere erantsi du.
Aurrekanpaina betean EH Bilduk akordioetarako bide berri bat ireki duen galdetuta, zehaztu du sozialistek koalizio abertzalearekin gobernu-itunetara iristeko aukera "oso hurrun" dagoela, bien artean "ezberdintasun sakonak" daudelako. Besteak beste, "indarkeriaren inguruan EH Bilduk duen jarrera" aipatu du.
Viterok ere hauteskundeek sortzen duten harrabotsetik kanpo kokatu du akordioa, eta hor jarri du azpimarra. Ziurtatu duenez, EH Bilduren Gasteizko taldeak hartu ditu hasieratik erabakiak, koalizio abertzalearen zuzendaritzaren esku-hartzerik gabe.
Azkenik, EH Bilduren marra gorriak "gasteiztarren beharrak" direla gehitu du, eta horretan jarraituko dutela nabarmendu, "eskuzabaltasunez, proposamen errealistak egiten". "Mundu guztiak gure aldetik errebantxismo politikoa espero zuen bitartean", esan du, "oposiziotik herritarrekiko jarrera arduratsua dugula erakutsi dugu".