Politika -

Migrazioa

Frantziako Konstituzionalak immigrazio lege polemikoaren zati esanguratsu bat baliogabetu du

Legearen 37 artikulu, % 40, erabat edo partzialki baliogabetu ditu; besteak beste, egonaldi irregularraren delitua, gizarte-prestazioetarako baldintzak zorroztea eta urteko migrazio-kuotak ezartzea bertan behera utzi ditu.

Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren egoitza. Argazkia: EFE
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren egoitza. Argazkia: EFE
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren egoitza. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Kontseilu Konstituzionalak immigrazio lege polemikoaren zati esanguratsu bat baliogabetu du gaur, besteak beste, egonaldi irregularraren delitua, gizarte-prestazioetarako baldintzak zorroztea edo urteko migrazio-kuotak ezartzea.

Bertan behera utzitako neurrien artean daude, halaber, familia elkartzeko murrizketak, atzerriko ikasleei fidantza bat ezartzea herrialdetik aterako direla bermatzeko, edo Frantziako nazionalitatea hartzerakoan lurzoru-eskubidea deritzonaren murrizketak.

Legearen 37 artikulu (% 40), Europar Batasunetik kanpoko migratzaileei buruzkoak, erabat edo zati batean baliogabetu ditu Kontseiluak; horietatik 32, formalak baino ez diren arrazoiengatik.

32 artikulu horiek bertan behera geratzen dira, Parlamentuko eztabaidan Gobernuak hasieran aurkeztu zuen lege-proiektuaren testuari erantsi zitzaizkiolako eta ez dutelako lotura zuzenik hasierako proiektu horren xedearekin.

Immigrazio lege polemikoaren aurkako manifestazioa gaur, Parisen. Argazkia: EFE

Eskuineko alderdi kontserbadoreak, Errepublikarrek, beren botoa lortzeko ezarritako xedapenak dira, legea aurrera ateratzeko beharrezkoa zelako.

Horregatik azaltzen da erabakiaren berri izan ondoren, Barne ministro Gerald Darmanin lege-proiektuaren egileak balorazio positiboa egin izana. X sare sozialean idatzitako mezu batean azpimarratu du "Gobernuaren testu osoa" baliozkotu dela.

LRk, epailearen erabakiak gehien kaltetutakoak, Eric Ciotti presidentearen ahotik erantzun du, eta Konstituzionaleko kideei "modu politikoan eta ez juridikoan epaitzea" leporatu die, eta "Frantziaren patua babesteko" Konstituzioaren erreforma "ezinbestekotzat" jo du.

Jordan Bardella RN alderdi ultraeskuindarreko presidenteak Konstituzionaleko "epaileen indar-kolpe bat" salatu du, ebazpenak "frantziarren artean babes handiena duten neurriak baliogabetzen dituelako".

Horrela, Konstituzionalak immigrazioa kontrolatzeko eskuinaren ikurretako bat bota du atzera, sarrera-kuoten ezarpena, baina forma-arrazoiengatik egin du.

Aitzitik, bere oniritzia eman dio Europar Batasunetik kanpoko atzerritarrek Frantziako Errepublikaren printzipioak errespetatzeko kontratua izenpetzea bizileku-baimena lortu nahi badute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Iparraldea Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Frantziako Gobernua