Politika -

POLEMIKA

Itziar Ituñok babes zabala jaso du Sareren manifestaziora joateagatik jasotako kritiken aurrean

BMWren kontzesionario batek Itziar Ituñorekin zuen publizitate hitzarmena hautsi du, arrazoituz ez direla ezein ideologia politikorekin lotzen.

Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan. Argazkia: EFE
Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan
Itziar Ituño, iragan larunbateko manifestazioan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kultura eta politika arloko hainbat pertsonak salatu dute Itziar Ituño aktorea Sarek deitutako manifestazioan parte hartzeagatik jasaten ari den "kriminalizazio kanpaina". Kritiken aurrean sortu den elkartasun olatua, ordea, are handiagoa izan da. 

Euskal Aktoreen Batasunetik ere bertako "lankide eta afiliatua den Itziar Ituñori elkartasuna adierazi" diote, "jasaten ari den erasoengatik". Entitate honek "pertsona guztien adierazpen-askatasuna" defendatu du. Horrez gainera, "bidegabeak" iruditu zaizkie "karrera profesionala ahultzeko egin diren ekintzak" eta enpresek hartutako erabakiak. Azkenik eskatu du ez dadila inor kriminalizatu "injustizien, legezkontrakotasunen edo lege-salbuespenen aurrean hartzen duen jarreragatik".

Lander Otaola aktoreak ere babesa adierazi dio Itziar Ituñori, eta gaineratu du "oso bidegabea" dela jasaten ari dena eta ez dituela "merezi" irainak eta deskalifikazioak.

Horrez gain, hainbat politikari, pertsona publiko eta elkartek erakutsi diote babesa Itziar Ituño aktoreari. Miren Gorrotxategi, Ahal dugu koalizioko legebiltzarkidea izan da horietako bat.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagi ohia ere ildo beretik mintzatu da, eta nabarmendu du gainera BMW multinazionalaren jabeek naziekin zuten loturarengatik egin zutela dirua.

Eusko Jaurlaritzak uste du onartezinak direla Ituñoren kontrako kritikak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiria atsekabetuta agertu da Itziar Ituñori egindako kritiken harira. "Onartezinak diren egoerak eman dira, bizikidetza demokratikoa oztopatzen dutenak", esan du sare sozialetan zabaldu diren iruzkin anonimoei eta mehatxuei buruz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Itziar Ituño